BILBO 17 Nov. (EUROPA PRESS) -
Elhuyar Fundazioak Europako Batasunak finantzatutako Stimula Stimulating Science And Technology Competences Through Innovative Means For Teaching And Learning (Zientzia eta Teknologiako gaitasunak estimulatzen hezkuntza-baliabide berritzaileen bidez) hezkuntza arloko ikerketa-proiektua koordinatuko du. Bi urte iraungo du proiektuak, eta helburua da 12 eta 18 urte bitarteko gazteak zientzia- eta teknologia-gaietan motibatzea, Elhuyar Fundazioak jakinarazi duenez.
Stimula proiektuan, Elhuyar Fundazioaz gain, honako erakunde hauek arituko dira elkarlanean, eratu duten partzuergoan: Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); St. Mary's University College Belfast (Ipar Irlanda/Erresuma Batua); Steinbeis ikerketa-zentroa eta Phaenovum elkartea (Alemania) eta National College Nicolae Titulescu ikastetxea (Errumania). Gaur elkartu dira lehenengoz erakunde horietako ordezkariak Elhuyar Fundazioaren egoitzan, Usurbilen, eta egunotan Euskal Herrian izango dira proiektuaren hastapenetan.
Ikasleei zientzia- eta teknologia-gaietan interesa piztea dute helburu erakunde horiek guztiek. Hori horrela, hezkuntza-metodologia berriak sortu nahi dituzte, ikastetxeak eta zientzia eta teknologiaren esparruko erakundeak elkarlanean jarriz. Horretarako, besteak beste, Europako ikasleen iritziak hartuko dituzte kontuan, eta trebakuntza-plangintza berezia egingo dute irakasleentzat.