BILBO 28 May. (EUROPA PRESS) -
Pilar Ardanza Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintzako diputatuak parte hartu du Esklerosi Anizkoitzaren Eugenia Epalza Fundazioak antolatu dituen jardunaldien irekieran. Esklerosi Anizkoitzaren Nazioarteko Eguna dela-eta, zientzia eta gizarte arloko jardunaldi bat antolatu da "Elkarrekin aurrerantz berrikuntza & ikerkuntzaren bidez" lelopean. Jardunaldian 350 pertsonak hartu dute parte senide, gaixo eta osasun arloko profesionalen artean.
Esklerosi Anizkoitzaren Nazioarteko Egunerako "Esklerosi Anizkoitza ez da ikusezina, esklerosi anizkoitza duten pertsonak ere ez" leloa aukeratu da. Lelo horren bidez, Eugenia Epalza Fundazioak gaixotasun neurologiko eta sendaezin horren arazoaren inguruan sentsibilizatzea lortu nahi du, bai eta erakundeen aurrean eta gizartean ere arazoa ikusaraztea ere.
"Horrela, denon artean ezinbesteko helburu hau lortuko dugu: gaixoen bizi-kalitatea hobetzea eta gaixotasun sendaezin horren aurka borrokatzen jarraitzea. Esklerosi anizkoitzak pertsona gazteei, batez ere, eragiten die, eta emakumeei gehiago gizonezkoei baino", adierazi dute.
Jardunaldiaren irekitzean, Pilar Ardanzak fundazioaren lana goraipatu du eta elkarte-mugimenduak duen garrantzia nabarmendu du. Diputatuaren esanetan, pertsona batzuek intuizio nahikoa izan dute jakiteko, aurrera egin nahi bada, beharrezkoa dela antolatzea, biltzea eta gizartean eta administrazioan arazoa aurkeztea, eta jakina, irtenbideak aurkeztea ere bai.