Euskal kultura eta gastronomia protagonista otsailaren 13an Berlinalen

Euskal ordezkaritza Berlinalen
Foto: ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: miércoles, 8 febrero 2012 15:51

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

   Euskal kulturak eta gastronomiak berezko tokia izango dute aurtengo Berlinale Zinemaldian, otsailaren 13a Euskadiren Eguna izango baita, Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Basque Culinary Center zentroak antolatuta. Aurretik, otsailaren 11n, Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du Berlinen.

   Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren esanetan, "oso pozgarria da euskal kultura era bateratzailean kanporatzeko gai garela erakustea: Donostiako Zinemaldia, zinegintza, musika eta gastronomia, denok elkarrekin goaz, eta hori oso harro egoteko modukoa da, elkarlan horri esker gure kultura era eraginkorragoan nabarmendu dezakegulako kanpoan".

   Ruper Ordorikak "Hodeien azpian" bere azken lanaren piezak joko ditu otsailaren 11n, 19:30etik aurrera Berlingo Mediengalerie aretoan emango duen kontzertuan. Deutsch-Baskische Kulturvereine elkarteak antolatu du emanaldia, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz. Gainera, Alemanian jarraituko du musikari gipuzkoarrak, otsailaren 13an Konstanz hiriko Antzokiko Werkstatt gunean beste emanaldi bat eskainiko baitu. Konstanzeko Unibertsitateak antolatutako kontzertu honek ere Institutuaren babesa jaso du.

   Otsailaren 11ko Berlinaleko Euskadiren Eguna Berlingo Espainiako Enbaxadan hasiko da, bertan Rafael Dezcallar de Mazarredo Espainiak Alemanian duen enbaxadorea, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga izango direlarik.

   Goizeko 11:30ean, "Gastronomia, artea eta gizartea" izenburuko mahai-ingurua egingo da. Partaideak, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center zentroko zuzendaria, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak eta Eneko Atxa sukaldariak eta Thomas Struck Kulinarisches Kino programako zuzendaria izango dira.

"MUGARITZ BSO"

   Eguerdiko 12:30ean, Amaia Barrena Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariak euskal elikagaigintza aurkeztuko du, eta ondoren, Etxepare Euskal Institutuak antolatu duen kontzertua eskainiko dute Felipe Ugarte "Mugaritz BSO" filmeko soinu-bandaren egile eta zuzendarietako batek eta Beñat Iturriotzek. Gainera, haien doinuekin "Euskal Herria" izeneko bakarkako pieza dantzatuko du Mikel Aristegi dantzari eta Berlingo Euskal Koreografoen Jaialdiko antolatzaileak.

   Goizari amaiera emateko, Elena Arzakek eta Eneko Atxak Euskadiko produktuekin prestatutako mokadua dastatuko dute. Gauez, Andoni Luis Aduriz sukaldariaren "Mugaritz BSO" pelikularen nazioarteko estreinaldia izango da, Berlinaleko "Zine eta Gastronomia-Kulinarisches Kino" zikloaren baitan. Blanca Urgell eta Aizpea Goenaga ere emanaldian izango dira.

   Eguna bukatzeko, Andoni Luis Adurizek Berlinalen 200 lagunentzako prestatuko duen afaria izango da, Basque Culinary Center zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak emandako babesari esker.