Euskara eta Euskal Kulturako Irakurletza sortuko da datorren urtean Université de Pau et des Pays de L'Adour-en

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 28 mayo 2012 20:21

BILBO 28 May. (EUROPA PRESS) -

Euskara eta Euskal Kulturako irakurletza sortuko da datorren urtean Université de Pau et des Pays de L'Adour-en, unibertsitatearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzaren bidez, eta deialdia zabaldu da euskara eta euskal kulturako irakurlea aukeratzeko, 2012-2013 ikasturterako eta 2013-2014 ikasturtera luzatzeko aukerarekin. Deialdi honek presako eta aparteko izaera izango du, unibertsitatearen administrazio-egutegiak hala behartuta, datorren ikasturtean irakurletza abian izan dadin.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, irakurlearen soldata 26.000 euro gordinekoa izango da urteko, eta gehienez ere 220 eskola-ordu emango ditu ikasturteko. Euskara eta euskal kulturako eskolak emateaz gain, hitzaldiak antolatuko ditu eta dinamizatzera bideratutako ekintzak prestatuko. Irakurletza Unibertsitate Arteko Euskal Ikasketen Sailean txertatuko da, Baiona-Angelu-Biarritzeko Diziplinarteko Fakultatean.

Hautatuak unibertsitatearen herrialdean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko du eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko ditu, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaion ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta euskal kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan-edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutuak ez du bere gain hartuko irakurleak tokian tokiko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

BALDINTZAK

Unibertsitateko graduko titulua edo lizentzia izan beharko du irakurleak. Lehentasuna izango dute Euskal Filologiakoek, Euskal Ikasketetako lizentzia edo gradua dutenek edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoek. Hizkuntzei dagokienez, EGA edo baliokidea, eta frantseseko B2 mailaren ezagutza baliokidea izan beharko du.

Hautatua deialdi honen helburu den tokian tokiko unibertsitateari atxikiko zaio. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko du eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko ditu, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaion ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Eskabidea eta curriculum vitae islatzen duen taula helbide elektronikoz bidaliko da, honako helbideetakoren batera: j-epelde@etxepare.net edo k-galarza@etxepare.net, pasaportearen fotokopiarekin (edo bestela NANarena edo AIZerena) eta proiektu pedagogiko batekin batera, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua.

Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Euskal kulturako gai ezberdinei (musika, zinea, antzerkia, eskultura eta abar) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere bost orrialdekoa izango da.

Hautagaiek ez dituzte euren CVan aipatutako merituak dokumentu bidez egiaztatu beharko eskabidea egitean, baina aurkeztu egin beharko dituzte hautatuak badira. Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiek ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dute.

Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 4an amaituko da, goizeko 10:00etan. Ekainaren 4an, 20:00etan, onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko da Etxepare Euskal Institutuaren webgunean. Alegazioak aurkezteko 24 orduko epearen ostean, ekainaren 5ean argitaratuko da behin betiko zerrenda.

Contenido patrocinado