GASTEIZ 11 Jun. (EUROPA PRESS) -
Euskararen Aholku Batzordeak uda ondoren ekingo dio 'Euskara 21' egitasmoa garatzeari. 'Euskara 21' ekimenak "mailakako eta malgutasun" irizpideen bitartez bultzatu nahi du euskararen erabilera, eta joan den legealdian osatu zen.
Batzordea gaur bildu da lehenengo aldiz legealdi honetan, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zela. Lopezek hasierako hitzaldian adierazi duenez, euskarak gaztelaniarekiko duen "asimetria zuzentzeko" hizkuntza-politika garatu nahi du, baina beti ere "orekarekin, aniztasunarekiko errespetuarekin eta bazterketarik gabe".
Euskararen Aholku Batzordeak uda ondoren jarraituko du bere lanarekin. Horrela, "XXI. mendeko hasierako hizkuntza-politikararako oinarriak" batzorde berezia jarriko da martxan, 'Euskara 21' ekimena garatzeko. Halaber, Toponimia Batzordea eta Terminologia Batzordea ere sortuko dira, Eusko Jaurlaritzak bilera bukatu ondoren prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Bileran, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak esan du beharrezkoa dela "euskararen espazioa gero eta zabalagoa izatea". Izan ere, bere iritziz, arriskua dago "euskara aurreiritzietan eraikitako putzu sakon eta ilunetik ateratzeko eta gero Administrazioren eremu mugatuegian sartzeko".
"Euskara ezin da funtzionarioen hizkuntza burokratikoa izan, latina Erdi Aroan zen bezala. Euskara bizi bat nahi dugu", azpimarratu du Kultura sailburuak.