BILBO 28 May. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Garapenerako Amerika Arteko Bankuaren (BID gaztelaniaz) Hiri Hazkor eta Iraunkorren Programako ordezkaritza baten bisita jasoko du gaurtik ostiralera arte, Euskadik azken urteetan hiri nagusi eta hiriburuak eraldatu eta birsortzeko erabili duen eredua aztertu nahi duelako. BIDek Euskadira hilabetean egin duen bigarren bisita da, eta horrek aukera emango die euskal enpresei Latinoamerikako negozioetan parte hartzeko, bereziki hasierako faseetan eta aholkularitza kontuetan.
BID Latinoamerikako finantza erakunde nagusia da eta Latinoamerikako garapena sustatzea du helburu. Ordezkaritza honen bisita, Patxi Lopez Jaurlaritzaren lehendakaria buru zuen AEBtarako enpresa misioaren emaitza da. Orduan, Lopezek hitzarmen bat sinatu zuen BIDekin, bitartekari lanak egiteko finantza-erakunde horren eta Latinoamerikan proiektuak gauzatu nahi dituzten euskal enpresen artean. Bakarrik 2011. urtean, BIDek 8.385 milioi euro banatu zituen mailegu eta emaitzatan, Latinoamerikaren garapena sustatuko duten proiektuak martxan jartzeko.
BIDeko ordezkaritzaren bisitaren helburua EAEk hirien eraldaketa eta birsortzean duen esperientzia frogagarriari buruz lehen eskuko informazioa biltzea da. Euskadik lankidetza publiko-pribatua eta publiko-publikoa bezalako formulak erabili ditu horrelako prozesuetan eta horrek hainbat herrialdetako zein erakundetako interesa piztu du. BIDek hirien birsorkuntza proiektua abiarazi du, eta Latinoamerikako zazpi hiri aukeratu ditu horien egoera eta arazoak diagnostikatzeko.
EAEko hiriburuetako birsortze lanek nazioarteko aintzatespena jaso dute: Bilbok LiveCom Awards 2011 (PNUMA) eta Lee Kuan Yew World City 2010 (Hirien Nobela) sariak jaso ditu, Gasteiz aurten Europako hiriburu berdea izango da eta Donostia Europako kultur hiriburua 2016an. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da SPRIk Euskadi mailan zuzenduko duen proiektua -URBE 50 Plataforma-, baita Basque Country Expertise ere, zerbitzu aurreratu profesionalak eskaintzen dituzten enpresen negozioa atzerrian handitzeko ekimena.
Testuinguru horretan, Garapenerako Amerika Arteko Bankuak Hiri Hazkor eta Iraunkorren (CES) plataforma abiarazi du. Nagusiki tamaina ertaineko hirietan oinarrituko da, horiek baitira ongien kokatuta daudenak hazkunde ordenatua eraginkortasunez planeatzeko, etorkizuneko hiri erronkei egokitzeko eta kontinenteko beste metropoli batzuetan egin diren akatsak saihesteko.
Hiriek erronka berriei aurre egin behar diete zerbitzu publikoak diseinatzeko eta kudeatzeko, eta tokiko gobernuek horien bidez bermatu behar dute bizi kalitatea eta iraunkortasuna. Horrek esan nahi du berotegi efektua eragiten duten gas isuriak murriztu behar direla, energi aurrezkia eta eraginkortasuna sustatu behar dela, uraren eta materialen kudeaketa hobetu behar dela, diru-sarrera gutxi dituzten familientzako etxebizitza hornidura bermatu behar dela, hiri garraio kolektiboko proiektuak garatu behar direla, tokiko garapen ekonomikoa sustatu behar dela, parkeak eta espazio berdeak sortu behar direla.
EGITARAUA
Bisitaren bost egunetan, Garapenerako Amerika Arteko Bankuaren ordezkariek hainbat bilera egingo dituzte Bernabe Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuarekin eta Tomas Orbea SPRIren zuzendari nagusiarekin.
Topaketetan informazioa jasoko dute EAEko lehiakortasun iraunkorreko politikei buruz: mugikortasun, azpiegitura eta etxebizitza planak, ingurumenaren babesa eta lurralde antolamendua Euskadin. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzaluk emango die azken horri buruzko informazio guztia.
Bilbo eta Gasteizko goi ordezkariek ere egingo diete harrera eta, EAEko hiru hiriburuak bisitatu ostean, lehen eskuko informazioa jasoko dute Gasteizko hiriburutza berdeari buruz edota Bilbon gauzatutako eraldaketaren eta, zehazki, metroaren esperientziei buruz. Bestalde, bilerak egingo dituzte iraunkortasun proiektuetan eskarmentua duten euskal enpresekin, Energiaren Euskal Erakundearekin (auto elektrikoaren proiektua zertan den ikusteko), IHOBErekin eta URA Agentziarekin, uraren kudeaketa eta uholdeen prebentzioa lantzeko.
Maiatzaren hasieran (hilaren 7tik 11ra) BIDeko beste ordezkaritza bat izan zen Euskadin. Orduan, bisitaren helburua zen lehen eskutik jakitea zein instrumentu eta zerbitzu abiarazi dituen Eusko Jaurlaritzak enpresa sarea bultzatzeko eta bere lehiakortasuna sendotzeko.
Garapenerako Amerika Arteko Bankua (BID) nazioarteko finantza erakunde bat da, 136.000 milioi euroko kapitala duena, eta bere helburu nagusia da garapen ekonomiko, sozial eta instituzionaleko proiektu bideragarriak finantzatzea Latinoamerikan eta Kariben eta eskualdeko integrazio komertziala sustatzea.
2011. urtean BIDek 8.385 milioi euro banatu zituen mailegu eta emaitzatan, Latinoamerikaren garapena sustatuko duten proiektuak martxan jartzeko. Proiektu horiek nagusiki lau sektoretan sailkatzen dira: produktibitatea sustatzeko politika sozialak, hazkundea eta ongizate soziala lortzera bideratutako erakundeak, lehiakortasuna eta nazioarteko integrazio globala eta ingurumenaren babesa (klima aldaketari aurre egin, energia berriztagarriak sustatu eta elikagaiak segurtatu).