BILBO 8 Feb. (EUROPA PRESS) -
Ibil sozietateak Barakaldoko (Bizkaia) BECeko dorrean izango du kontrol gunea gaurtik, egoitza duen leku berean, alegia, bezeroei kalitate eta segurtasun handiko zerbitzua emateko asmoz. Kontrol Gunetik Ibil sozietateak instalatutako karga-gune guztiak kontrolatuko dira, bai zerbitzu publikokoak, bai partikular edo enpresakoak.
Gainera, urtarriletik funtzionamenduan dagoen eta ibilgailu elektrikoak alokatzeko aukera ematen duen Ibilek car-sharing-en (Ibilen filiala) ibilgailu elektrikoen karga-guneak kontrolatzeko eta elektrizitate berriztagarria erosteko baldintzak aztertzeko parada izango da Kontrol Gunetik.
Inaugurazio ekitaldian 200 pertsona baino gehiago izan dira, horien artean, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Unda, Repsol Nuevas Energías-eko zuzendari Josu Jon Imaz eta Ibileko presidente Emiliano Lopez Atxurra.
Horiekin batera, Ibilek lankidetza-hitzarmenak sinatu dituen automobilgintzako enpresen arduradun nagusiak ere izan dira, hala nola Armando Garcia Otero, Renault España-ko zuzendari nagusia; Antonio Gonzalez, Peugeot España-ko zuzendari nagusia; Manuel de la Guardia, Nissan Ibérica-ko kontseilari zuzendari nagusia; Jaime Gorbeña Yllera, Berge y Cia-ko presidentea; Jose Maria Garrido, General Motors España-ko harreman instituzionaletako zuzendaria eta Karl Van Dijck, Toyota España-ko gai korporatiboetako zuzendaria.
Eroskiko presidente Agustin Markaide ere inaugurazio ekitaldian izan da; izan ere, Eroskirekin lankidetza-hitzarmen sinatu zuen Ibil sozietateak, haren hipermerkatuetan eta merkataritza zentroetan kargatzeko guneak instalatzeari begira.
Inauguraziora bertaratutakoek aukera izan dute Kontrol Gunea bisitatzeko eta Ibilen egoitzan bertan izan den ibilgailu elektrikoei buruzko erakusketa ikusteko. Kontrol Guneak operadore postu bi, laguntzeko postu bi eta larrialdi edo krisialdiko gela bat ditu. Aldi berean, 'videowall' bat du, operadore eta pertsonalen artean informazioa erraz partekatzeko eta irudi kalitate handiz mapak, irudiak, kurba estatistikoak eta datuak zabaldu eta ikuskatzeko diseinatu dena.
Kontrol Gunearen sistemaren bitartez, Ibilen bi negozio nagusiak kontrolatzen dira: ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura eta Ibilen filiala den Ibileken car-sharing-en zerbitzuak.
Kargatzeko azpiegiturari dagokionez, sistemari esker hainbat eragiketa egin eta bideratu ahal dira; adibidez, kokapen mapetara sartzeko aukera ematen du, kargatzeko gune bakoitzaren egoera monitorizatzea ahalbidetzen du, lekuan lekuko terminalen eskematikoetara sartzeko bide ematen du eta arazoren bat gertatuz gero, edo bezero batek zerbait eskatzen badu, zuzenean terminaletan aritzeko edo erantzuteko parada dago.
Horrez gain, terminal bakoitzean egiten diren eragiketa guztiak erregistratzen ditu kudeaketa sistemak, bezero orori dagozkion kontsumoa eta fakturazioa behar bezala egiaztatzeko.
CAR-SHARING
Bestalde, Ibilek enpresak ematen dituen car-sharing zerbitzuari dagokionez, kudeaketa sistemaren bidez, ibilgailuak dauden tokien kokapena eta egoera bistaratu ahal da. Halaber, ibilgailu bakoitzaren kokalekuaren eta bateriaren egoeraren berri ematearekin batera, bezeroek egiten dituzten erreserbak ikusteko aukera ematen du kudeaketa sistemak.
Gainera, Kontrol Gunetik ibilgailuen inguruko eragiketa batzuk egin daitezke; esate baterako, ateak zabaltzea eta ixtea edo bezeroei ibilgailuak erabiltzeko baimena ematea.
Aipatutako kasu bi horietan, alerta jasotzea edo bideratzea aurreikusten da, arazo eta gorabeherei modu egokian aurre egiteko.
Aurrekoaz gain, Kontrol Gunean energia elektriko berriztagarria erosteko informazioa jaso eta haren kurbak eta prezioak kudeatzeko aukera dago.