Jaurlaritzak 500.000 eurorekin lagunduko du saltoki handietan errotulazioa euskaratzea

Errotuluak euskaratzeko laguntzak emango ditu Jaurlaritzak
EROSKI
Actualizado: martes, 10 noviembre 2015 13:38

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak proposatutako agindu bat onartu du astearte honetan. 2015-2016 aldian Euskadiko saltoki handietan errotulazio aldakorra euskarara itzultzeko eta langileak euskaraz trebatzeko diru laguntzak arautzen ditu aginduak, eta guztira, 500.000 euro banatuko dira.

   Jaurlaritzaren arabera, deialdi honen bidez, errotulazio aldakorra euskarara egokitzea lagunduko da diruz, hau da, testuak itzultzeko gastuak, errotulua, kartela edo dagokion osagaia egokitzeko sortzen diren bestelako gastuak (materialak, euskarriak eta abar) lagunduko dira.

   Halaber, langileak lanerako euskaraz trebatzea ere lagunduko da, langileari lanerako berariazko ikastaroak eskainiz eta euskaraz diharduen bezeroa nola hartu zehaztuko duen protokoloa sortuz. Zehaztutako protokoloaren arabera bezeroei arreta egokia egiteko oinarrizko ikastaroak ere barne hartzen dira, bai eta langileek euskara gero eta gehiago erabil dezaten bestelako ekimenak ere.

   Deialdi hau kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko ekimenen baritan dago, beti ere gai horretan indarrean dagoen araudiaren betetze mailan aurrera egiten jarraitzeko helburuz. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 14tik 28ra bitartekoa izango da.