Kukai eta Tanttaka taldeek "Hnuy Illa" daramate ostegunean Bilboko Arriagara

"Hnuy Illa" ostegunean Bilboko Arriagan
ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: miércoles, 8 febrero 2012 13:11

BILBO, 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

Kukai dantza konpainiak eta Tanttaka Teatroa taldeak Joseba Sarrionaindiaren "Hnuy illa nyha majah yahoo" (Zaindu zaitez yahoo maitea) liburuko zenbait olerkitan oinarritutako "Hnuy Illa" dantza ikuskizuna taularatuko dute ostegun honetan, otsailaren 9an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Bilboko Arriaga Antzokian.

Olerki horiek inspiratu zuten muntaiaren zuzendaria den Mireia Gabilondo, eta poetaren motiboak zeharkatuko dituen ibilbide bat sortu zuen inspirazio horren emaitza gisa. Jon Maya Kukai konpainiako koreografo eta dantzariak pausoak jarri dizkie olerkiei. Iñaki Salvador musikari eta konpositoreak melodiak eman dizkie hitzei eta David Bernues ikus-entzunezko errealizatzaileak irudiak jarri ditu.

Hala, olerkiek, dantzak, irudiek eta musikak elkarrekin bidaiatuko dute eszenatokian, elkarrekin komunikatuz eta elkar sostengatuz, eta dantza izango da ikuskizuneko lengoaia nagusia, izaera garaikide markatua duen euskal dantza tradizionala, alegia.

Kukai dantza taldeak eta Tanttaka Teatroa konpainiak elkarrekin prestatu dute "Hnuy illa", eta lan honek jarraipena eman diote aurreko bi obrekin ("1937 gogoaren bideziderrotatik" eta "OTEhITZAri BIRRAKA") ekindako bideari. "Hnuy illa" Joseba Sarrionaindiaren poesian oinarritutako dantza ikuskizuna da, eta bertso iradokitzaileak eta narratiboak jasotzen ditu, kantatzeko, errezitatzeko edota intuitzeko modukoak.