DONOSTIA 28 May. (EUROPA PRESS) -
Hondartzen denboraldia hasiko da ofizialki ostiral honetan, ekainaren 1ean, eta irailaren 30ean amaituko da. Denboraldiko berrikuntza nagusia Donostian izango da eguzki oihalak herritar guztien artean zozkatuko direla lehenengo aldiz.
Ostiralean prest egongo dira oinarrizko zerbitzuak -kabina kolektiboak, sorospeneko zerbitzuak, megafonia eta dutxak-, baita hondakinen gaikako bilketarako puntuak ere. Azken horiek Donostiako hiru hondartzen sarbide nagusietan kokatuko dituzte.
Era berean, Donostiako Udalak jakinarazi dutenez, martxan jarriko dituzte sorospeneko zerbitzuak, kioskoak, bainu egokitua, etzaulkiak edo bainurako gunea mugatzeko balizajea. Kontxako badiako lau gabarroiak ekainaren hasieran ipiniko dituzte, itsasoaren egoeraren arabera; bitarteko itsasaldian itsasertzetik 200 metrora jarriko dituzte.
Aipatu bezala, berrikuntza gisa, herritar guztiek parte hartu ahal izango dute eguzki oihalen zozketan. Zozketa Donostiako Atano III.a pilotalekuan egingo dute, ekainaren 1ean. Eguzki oihalak, karpak eta itzalkinak herritarren eskura egongo dira, eta ekainaren 15etik aurrera erabili ahalko dituzte, ohiko moduan.
AZTIren gomendioei jarraituta, Donostiako Udalak Ondarretako hondarrari ukituak eman dizkio berriz, azken udetan agertutako harriak berriz ager ez daitezen. Neurri horren bidez udan arazoa konponduta egotea espero dute, eta hondartzaren portaerari erreparatuko diote, uda amaitu ostean neurri osagarriak hartu ahal izateko.
Halaber, Donostiako Udala Santa Klarta uhartea egokitzeko lanak egiten ari da. Irailean, kai muturra konpondu zuten, oso hondatuta baitzegoen itsasoaren oldarren ondorioz. Orain, kai muturreko eskailerak eta bideak babesteko egurrezko hesiak konpontzen ari dira, eta itsasargiaren ondoko horma bota eta berreraiki egingo dute.
Gainera, azken ekaitzen ondorioz, Kontxako eta Ondarretako hondartzen arteko oinezkoentzako pasabidea, Loretopeko arroken gainekoa, hondatuta geratu da. Hori dela eta, azken asteetan hiriko mantentze lanetarako taldea premiazko konponketak egiten ari da. Lanen martxa egokia da, eta egun gutxi barru amaitzea espero dute.