Urtzi Guruziaga ingeniari industrial berriak Accenture saria jaso du

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 28 mayo 2012 16:00

BILBO 28 May. (EUROPA PRESS) -

Urtzi Guruziaga Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoaren tituludun berriak airegeneradore eolikoentzako sistema hidrauliko berria asmatu du, haizearen indarra energia elektriko bihurtzen duten erroten diseinua goitik behera alda dezakeena. Bere lana Accenture Sariarekin aintzatetsi dute, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoaren Karrera Amaierako proiekturik onenaren sariarekin, hain zuzen ere.

Sari banaketa ekitaldia astelehen honetan izan da, eskolako Gradu Aretoan, eta bertan izan dira Xabier Ibañez, Accentureko bazkidea, Enrique Amezua eskolako zuzendaria eta esparru akademikoaren hainbat arduradun.

Urtzi Guruziagak bere proiektuaren aurkezpena egin du ekitaldian eta proiektuaren aldaketa nagusiena energiaren transmisioaren filosofian dagoela azpimarratu du, "energiaren transmisiorako ohiko sistema mekanikoa, hidraulikoarekin ordezkatzen delako". Eraldaketa, bonba hidrauliko baten bitartez egiten da lehenik, eta gero, motor hidrauliko baten bitartez. Sistema honek, gondolaren pisua murriztea dakar -%50era arte- zenbait elementuren (biderkatzailea, generadore asinkronoa eta transformadorearen), ezabaketarekin, ordezkapenarekin edo kota zerora lekuz aldatzearekin.

Airegeneradore kontzeptu berri horren abantaila nagusia errota eolikoen mantentze lanak erraztea eta merkatzea litzateke, altuera handian dauden egitura oso astunek sortzen dituzten arazoak saihestuz, eta, era berean, matxura edo geldialdien kostuak murriztuz. Beste abantaila batzuk, errotorearen abiadura zehaztu ahal izatea, energiaren pilaketa metatzaile hidrauliko baten bitartez egin ahal izatea eta ondorioz, atalkako zama lanetan, etekin oso handiak lortzeko gaitasun gehiago edukitzea izango dira.

Dorrearen sistema elektrikoa ere sinplifikatu egiten da. Parke eoliko osoko airegeneradore guztien zirkuitu olio-hidraulikoen funtzionamendurako, zentralizatutako hodi-sare bat egitea ahalbidetzen du proiektuak. Desabantailei dagokionez, energia mekanikoa hidraulikoan bihurtzeko eraldaketak eta gero alderantzizko prozesuek, etekin gutxiago lortzea eragiten dutela aipatu behar da.

Urtzi Guruziagaren "Estudio de un sistema hidráulico adaptativo de transmisión de potencia para aerogeneradores" izenburuko lanak, Gustavo A. Esteban irakaslearen babesa izan du eta, katedrako irakasle moduan, Ana I. Portillarena.

ACCENTURE SARIA

Accenture Saria, aholkularitza-enpresa honek Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da, Eskolaren Heziketa-Lankidetza Programaren baitan mamitutakoa. Aurkeztutako lanen izaera berritzailea eta ekarpen teknologikoa dira saria ematerakoan gogoan erabiltzen diren irizpide nagusiak.

Saria 1.800 eurokoa da eta epaimahaia, Eskolako hiru kidek (Enrique Amezua, zuzendaria, José Ramón Otegui, Proiektuen Ingeniaritzako irakaslea eta Ernesto Cudillero, Enpresa Antolakuntzako katedraduna) eta Accentureko bazkidea den Xabier Ibañezek osatu dute.

Ekimen honen aurreko edizioetan beste batzuen artean, sateliteen eta geltoki orbitalen diseinu aurreratuetan oinarritutako lanak, roboten kontrolerako sistemak, aurpegiko trazuen bitartez pertsonak ezagutzeko sistemak edo irizpide ekologikoetan oinarritutako makina-erremintako diseinuen prozesuak izan dira sarituak.

Contenido patrocinado