Zornotzako Udalak (Bizkaia) Lantegi Batuak Fundazioari esleitu dio lorezaintza zerbitzua

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 8 febrero 2012 15:27

BILBO 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

Lantegi Batuak Fundazioak eskuratu du Zornotzako Udalak (Bizkaia) lehiaketa publiko bidez ateratako lorezaintza zerbitzuko kontratua. Zerbitzua bi urterako esleitu da, beste bi urte luzatzeko aukerarekin, Lantegi Batuak Fundazioko iturriek jakinarazi dutenez.

Zornotzako Udalak erosketa publiko arduratsu baten alde egin du, bazterketa arriskuan dauden kolektiboentzat (minusbaliotasunen bat duten pertsonak, esaterako) enplegua sortu eta mantentzeko mekanismoa erabilita.

Guztira 14 lagunek osatuko dute lorezaintzako lantaldea, eta lanaldi osoan jardungo dute zeregin horretan. Beste bi lagun ere arituko dira, lanaldi partzialean, haurren jolas-eremuetan mantentze-lanak egiteko. Lantalde horretatik 12 dira minusbaliotasunen bat dutenak, hau da, lantalde osoaren %75.

Egin beharreko zereginen artean, besteak beste, honakoak daude: lorategiak zaintzea, belarra moztea, landare-hesiak eta zuhaixkak kimatzea, loreak landatzea, tratamendu fitosanitarioak aplikatzea, ibai ertzetako belar-sastrakak kentzea eta haurrentzako jolas-eremuetan mantentze-lanak egitea. Era berean, zerbitzu hori esleitzearen ondorioz, aldian behin, beste lan batzuk ere egin beharko dira; besteak beste, zuhaitzak landatu eta ureztatze-sistemak instalatzea.

Lantegi Batuakek esperientzia handia dauka garbiketa eta lorezaintza sektoreetan; hori horrela, Ingurumen Zerbitzuko unitatean 400 pertsonek egiten dute lan Bizkaia osoan (220 gizon eta 180 emakume), 305 lagunek garbiketa arloan eta 95ek lorezaintzan.

Gaur egun, gizarte izaera duen Lantegi Batuaken enpresak Bizkaiko 18 udaletan ematen du garbiketa edo lorezaintza zerbitzua: Plentzia, Ermua, Sopela, Mungia, Zalla, Durango, Iurreta, Igorre, Derio, Bakio, Gorliz, Arrigorriaga, Bilbo, Busturia, Fruiz, Artea eta Zornotza. Bestelako lanak ere egiten dituzte: eraikinen garbiketa, errepideen garbiketa, edota erakunde batzuetako lorategien mantentze-lanak, esaterako, Durangoko Mankomunitatea eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Lantegi Batuak Fundazioak 2.700 pertsona baino gehiagori ematen die lana, bere 20 zentroetan eta zerbitzu sare zabalean. Horietatik 2.400ek minusbaliotasunen bat dute; %70ek adimenekoa dute, %25ek fisikoa edo zentzumenekoa eta gainerako %5ek nahaste mentala.

Contenido patrocinado