BILBO, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udaltegiek eta Ametzolako tren-geltokiak berriz ere jazz erritmoak hartuko dituzte Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak Bilbaína Jazz Club elkarte beteranoarekin elkarlanean antolatzen duen Bilbao Distrito Jazz programaren zortzigarren edizioan. Programak doako kontzertuak eskainiko ditu astero, bihartik apirilaren 27ra bitartean. Biharko kontzertuan, Katalunian eta New Yorken jotzen ari denaren lagina ekarriko du, Itxaso & Pera Yohaldre Trio tokiko taldearekin batera.
Barrainkua, Begoña, San Frantzisko eta Deustuko udaltegietan eskainiko diren formatu klasikoko kontzertuez gain, Bilbao Distrito Jazz beste kontzertu bitxi bi hartuko ditu. Batetik, tren-geltoki baten erabilera --Ametzolakoa-- jazz musika-zaleen elkargune bezala; bigarrena, kontzertu didaktikoa, haur-hezkuntza eta lehenengo hezkuntzako ikasleentzat.
"Ta tataá... jazz" izenburupean, txikientzako kontzertua izango da bihar Abandoko udaltegian, goizeko 11,15ean, abeslari, pianista, kontrabaxu-jolea eta bateria-joleak osatzen duten talde baten eta aktore baten laguntzaz. Helburua da ikasleei bat-bateko musika hurbiltzea, bere musika-tresna klasikoak, erritmoak, estiloak eta musika-egiturak, autore eta musikari nagusienekin batera, guztia modu erraz eta entretenigarrian.
Kontzertuak elkarren segidan izango dira Bilbaina Jazz Clubeko lokaletan (ostegunetan) eta udaltegietan (ostiraletan 20,00etan eta doan). Programazioa bihar hasiko da aurtengo euskal talde bakarrarekin, Itxaso & Pera Yohaldre Triorekin. Kritikak, "Euskal Herriko ahotsik pertsonalenetarikoa eta euskal jazzak hobeto gordetzen duen sekretuetariko bat" bezala definitu du. Itsaso González (ahotsa), Jonathan Hurtado (pianista), Carlos García "Tato" (kontrabaxu-jolea) eta Hasier Oleagak (bateria-jolea) osatzen dute taldea.
NEW YORK ETA KATALUNIA
Bilbao Distrito Jazz programako aurtengo edizioan Rocío Falks Quintet talde kataluniarra ere arituko da. Abeslari argentinar batek eta nazioarteko laukote batek osatzen: Jordi Matas (gitarra), Albert Sanz (pianoa), Tom Warburton (kontrabaxua) eta Jos Smith (bateria). Beren errepertorioa Violeta Parraren klasikoetik bossa novara heltzen da.
Bestalde, Pete Robbins & Centric (New York) taldeak, musikari original eta berritzaile bat buru izanik, estilo gogor eta arinarekin, solo liluragarriak eta funk-a jotzen ditu, eta abangoardismoa rockaren indar melodikoarekin nahasten ditu. Robbinsekin batera (saxo altua), Ryan Blotnick (gitarra), Soren Kjaergaard (teklatuak), Eivind Opsvik (baxua) eta Tysham Sorey (bateria) dira taldekideak.
Bruce Arkin Quartet-ek (New York/Katalunia) ere joko du aurtengo edizioan. New Yorkeko musikari ospetsuak bere azken diskoa aurkeztuko du Bartzelonan osatutako bandarekin batera, eta musika dibertigarria jo, abangoardia eta jazz maisuei egindako omenaldian oinarritua. Bruce Arkin Albert Bover (pianoa), Esteve Pi (bateria) eta Nickolas Moureaux (baxua) dira taldekideak.
Geny Barry Quartet (Katalunia) taldea, bibrafonista baten agindupean, eskarmentu handiko musikariek osatzen dute: Geny Barry (bibrafonoa), Roger Mas (pianoa), Javier Juanco (gitarra) eta Gonzalo Tejada (kontrabaxua). Bere musika be-bop eta hard-bop lengoaian kokatzen da, kolore biziko interpretazioak eskaintzen ditu, gaiak zorroztasunez landuz eta soloetan kutsu ugari hartuz.
Azkenik, Benny Lackner Trio (New York) taldea ere izango da aurtengo Bilbao Distrito Jazz programan. 2002an sortua, New Yorkeko jazzaren orainaldia eta etorkizuna adierazten duten taldeetariko bat da. Estilo landua eta zehaztasuna duten tema propioez gain, Bjork, Jummy Hendrix, Prince edo Nick Drake bezalako artisten bertsio originalak ere jotzen dituzte.
Herriko musika eta soinu elektronikoen nahasketa da, kutsu garaikide eta abangoardistarekin, Benny Lackneren (pianoa eta teklatuak), Derek Nievergelten (baxua) eta Robert Perkinsen (bateria) eskutik.