Andolin Eguzkitza gogoratzeko ekitaldia izango da ostiralean Santurtzin (Bizkaia)

Andolin Eguzkitza gogoratuko dute Santurtzin
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 15 diciembre 2011 13:32

BILBO 15 Dic. (EUROPA PRESS) -

Andolin Eguzkitza zena gogoan izango dute ostiral honetan, abenduaren 16an, Santurtzin (Bizkaia), jaio zen herrian, eta egun horretatik aurrera txoko bat izango du zabalduko den zentro kultural berrian, hots, Mamariga Kulturgunean. Zentro hori ostiralean bertan inauguratuko da, eta, besteren artean, Andolin Eguzkitzaren omenezko panel bat ikusgai jarriko dute.

Bestalde, Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez, "Euskera agerkaria" erakusketa zabalduko da, eta urtarrilaren 9ra arte egongo da zabalik. Erakusketak 92 urte bete dituen 'Euskera' Akademiaren agerkari ofizialaren ibilbidea eta edukiak ditu hizpide. Euskaltzaindiak antolatzen du, Bilbao Bizkaia Kutxaren laguntzarekin.

Andolin Eguzkitza (Santurtzi, 1953 - Bilbo, 2004) idazle eta euskaltzain osoa izan zen, orain arte Ibaizabalen itsasadarraren ezkerraldean Euskaltzaindiak izan duen kide bakarra. Bere omenez erakutsiko den panel horretan bere bizitzaren zertzelada batzuk gogoratzeaz gain, hark idatzitako liburuak ere ekarri dituzte gogora.

Bestalde, 'Euskera' Euskaltzaindiaren agerkari ofizialari buruzko erakusketa zabalduko da. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria da komisarioa. Gida-liburu bat argitaratu da, lau hizkuntzatan: euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

"Euskera agerkaria" erakusketak hainbat lekutan izan da ikusgai: Bilboko eta Donostiako Liburu Azoketan, Jean-Baptiste "Battittu" Coyosen sarrera-ekitaldian, Maulen, eta Gasteizko Artium Museoan eta Ignacio Aldecoa Kultura Etxean.

Contenido patrocinado