Arabako enpresek kanpo komunikazioan euskara sustatzeko gakoak aztertu dituzte

Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko lehen lan saioa
ARABAKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 27 febrero 2026 11:30

GASTEIZ 27 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatutako Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko lehen lan saioa egin da ostiral honetan Arabako hiriburuko Europa Biltzar Jauregian. Kanpo komunikazioa izan da saioaren ardatz nagusia, eta enpresek bezeroekin zein gizartearekin duten harremanean euskarak duen balio estrategikoa aztertu dute.

Modu honetan, erakunde sustatzaileek jakinarazi dutenez, Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzea helburu duen egitasmoak aurrera darrai aurten ere, "lurraldeko enpresak eta erakundeak batuz hizkuntza kudeaketan aurrerapausoak emateko eta beraien artean esperientziak partekatzeko".

Topaketa 09:15ean hasi da harrerarekin eta sareak sortzeko gosari batekin. Sarreraren ondoren, Puntueus Fundazioak hartu du hitza, erakundeen webguneak euskaraz izateak dakarren garrantzia eta eskaintzen dituen aukera digitalak azaltzeko. .eus domeinua eta euskara Interneten erabiltzeko zalantzak uxatzeko deia egin du. Horrez gain, fundazioak dituen hainbat zerbitzu aurkeztu ditu, tartean Gandik.eus ekimen berritzailea, merkatariak eta ikasleak harremanetan jartzen dituena webguneak sortzeko.

Jarraian, bertaratutako enpresek dinamika praktiko batean parte hartu dute, eta beren kanpo komunikazioaren autoebaluazioa egin dute, egungo egoera neurtu eta hobekuntza eremuak identifikatzeko asmoz. Kanpo komunikazioa elebitan egiten dute enpresa gehienek, nahiz eta arloaren arabera zenbaitetan gaztelania hutsean ere egin behar izaten duten. Enpresetako zuzendaritzaren inplikazioa beharrezkoa dela nabarmendu dute eta administrazioari dei egin diete zenbait partaidek, lizitazioetan euskara kontuan gehiago hartu dezan.

Saioak, gainera, eredu errealak ezagutzeko aukera eman du, eta, besteak beste, Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak bere esperientzia propioa azaldu du, enpresen kanpo komunikazioan euskara txertatzeko praktika egokien adibide gisa.

Topaketa amaitzeko, eta azken balorazioa egin aurretik, euskarazko lan praktiken maparen azalpena eman zaie parte hartzaileei, hizkuntza lan ingurunean modu eraginkorrean integratzeko baliabideak eskainiz.

ENPRESENTZAKO TOPAGUNE

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak 2020an sortu zuten elkarlanean Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean egitasmoa, eta, harrezkero, Araban kokatuta dauden eta hizkuntza kudeaketarekin konpromisoa edo erantzukizuna duten enpresentzako topagune bihurtu da.

Ostiral honetako urtean zehar Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo diren hiru hitzordu nagusietako lehena izan da. Maiatzaren 20an izango da hurrengo saioa, eta enpresen barne komunikazioa izango du ardatz.

Contador

Contenido patrocinado