BILBO 25 (EUROPA PRESS)
Bilboko Udaleko gobernu bilerak asteazken honetan onartu du Zorrotzaurren dagoen lursail bat Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari lagatzea, hezkuntza ekipamendu publiko berri bat eraikitzeko. Lagako den lurzatia EQ-9 izenekoa da, udal titulartasunekoa (Zorrotzaurreko Eremu Mistoko 1. Jarduketa Integratuaren 1. Egikaritze Unitatearen Birpartzelazio Proiektuan esleitu zitzaion Udalari).
Eremuak 7.000 metro koadro inguruko azalera dauka, eta sestra gaineko 18.000 metro koadroko eraikigarritasuna eta sestra azpiko 4.000 metro koadroko eraikigarritasuna dauzka, Bilboko Udaleko iturriek zehaztu dutenez.
Bada, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurreikusi du Zorrotzaurre Ikastetxe Publiko Integratua eraikitzea lursail horretan. Ikastetxe integratua izango da eta derrigorrezko hezkuntza etapa guztiak izango ditu: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH).
Bilboko Udalaren arabera, jarduketari esker, garapen betean dagoen auzo horretan gaur egun dagoen eta etorkizunean izango den hezkuntza eskaerari erantzun ahal izango zaio. Auzo horri, pixkanaka eta bizilagun berriak iristearekin batera, funtsezko zerbitzu eta ekipamendu publikoak emango zaizkio.
Ildo horretan, Juan Mari Aburto alkateak adierazi duenez, "lurzati horren lagapenak islatzen du Udalak etxebizitzarekin eta funtsezko zerbitzu publikoak eta enplegu eta ezagutza poloak barne hartuko dituen hiri garapenarekin daukan konpromisoa". "Zorrotzaurre eraldatzen ari den auzoa da eta ikastetxe oso batez hornitzea funtsezkoa da ingurune bizia, kohesionatua eta familientzat pentsatua finkatzeko", gaineratu du.
Era berean, alkateak erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du: "Proiektu hau Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lan bateratu eta leialaren emaitza da, eta ezinbesteko lankidetza da herritarren benetako premiei erantzun eraginkorra emateko".
Bestalde, Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak erronka handia hartzen duela Bizkaiko hiriburuko auzo berri honetan hezkuntza zentro berriak eraikitzeko. "Pozgarria da Bilbon auzo berri bat nola sortzen den ikustea, eta hazkunde hori hasieratik bertatik funtsezko zerbitzu publikoak bermatuz laguntzea, hezkuntza kasu. Ez da eraikin bat altxatzea soilik; komunitatea eraikitzea, kohesioa sendotzea eta aukerak hasieratik sortzea da", esan du.
Etorkizuneko zentroaren ezaugarriei dagokienez, sailburuak azaldu du lagapenaren ondoren hasiko dela Saila proiektua idazten. "Hezkuntza etapa guztietako ikasleak hartuko dituen ekipamendu hau diseinatzen ari gara. Epe luzerako ikuspegia duten hezkuntza proiektuak planteatzen ditugu, hiriaren eraldaketa urbanoarekin bat eta kalitatezko hezkuntza publiko berritzaile eta hurbila eskaintzeko konpromisoarekin", adierazi du.