GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Hezkuntza Legeak euskararen inguruan jaso beharreko lege proposamen integrala aurkeztu dute euskalgintzako eta hezkuntzako eragile eta sindikatu nagusiek, eta, belaunaldi berriak euskalduntzeko, "euskarazko eredu orokor eta inklusiboa" jaso dadila eskatu dute.
Eusko Jaurlaritzak hezkuntza lege aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztu zuen irailean, eta datozen egunetan bukatuko da ekarpenak egiteko epea, behin betiko aurreproiektua Legebiltzarrera bidali aurretik.
Horren aurrean, EAEko Hezkuntza Legeari egindako osoko ekarpena aurkeztu dute astelehen honetan Gasteizen, euskararen inguruan jaso beharreko artikuluen proposamen integrala. Bertan izan dira Euskalgintzaren Kontseiluko, hezkuntza komunitateko eragile EHIGE, Euskal Herriko Ikastolak, HEIZE eta Hik Hasi-ko eta ELA, LAB eta STEILAS sindikatuetako ordezkariak.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok aurkeztu du lege proposamenaren edukia. Horrela, gogorarazi du eragile guztiek kezka bera partekatzen dutela aurkeztutako lege zirriborroaren inguruan: "Behin eta berriro esaten ari gara lege berriak argi zehaztu behar duela zein izango den etorkizuneko hizkuntza eredua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman. Hori ez da argi geratu aurkeztutako zirriborroan. Hortaz, horixe da gure proposamenak bete nahi duen lehen gabezia".
Izan ere, aurkeztutako proposamenak modu zehatzean jasotzen du etorkizuneko hezkuntza sistemaren hizkuntza eredua: "Euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakas eta hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da; are gehiago, hizkuntza eredu orokor eta inklusiboa izango da eta ez ditu ikasleak banatuko hizkuntza ofizialen arteko aukeraketaren arabera".
"Lege berriak zehaztapen maila altua izan beharko du eraginkorra bada. Beharrezkoa da legeak argi eta garbi zehaztea zein den hurrengo hamarkadetan ezarriko den hizkuntza eredua. Euskararen gaia malgutasunez jokatuz gero, etorkizuneko belaunaldien euskalduntzea kaltetuko da, eta hori ezin da onartu", esan du Bilbaok.
Arrazoi horrengatik, Kontseiluko eledunak euskarazko hizkuntza eredu orokortuaren beharra justifikatu du: "Ikasle guztiek euskara ezagutzeko eskubidea dute, eta lege honek eskubide hori bermatu behar du. Orain arte, datu guztiek erakusten duten bezala, euskarazko eredua izan da helburu hori lortzeko eredurik arrakastatsuena. Horregatik diogu, Legeak euskarazko eredu orokortu eta inklusibo berri bat jaso beharko lukeela, benetan nahi bada belaunaldi berriak euskaldunak eta eleaniztunak izatea, justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren bidean".
Horrekin batera, Jaurlaritzak aurkeztutako lege zirriborroan bezala, proposamenean garrantzi handia hartzen dute hizkuntza proiektuek. Bilbaoren esanetan, "atal horretan ere jarrita dago hizkuntza proiektuek hizkuntza ereduari jarraitu behar diotela derrigorrez, eta euskararen ikaskuntza prozesuan ikastetxearen errealitateari egokitzeko irizpideak izan beharko dituela, baina beti ere oinarri bati jarraiki: euskara gutxiago duenari euskara gehiago ematea. Ezin onar daiteke euskara gutxiago duena euskara gutxiagorekin konformatu behar izatea, bazterketa soziala bultzatzea".
Bestalde, atal horretan hizkuntza proiektuak ebaluatu eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu beharra jasotzen da. "Are gehiago, hizkuntza proiektua egokitu ezean, programa kontraturik ez da sinatzerik izango", nabarmendu du.
BESTE ELEMENTUAK
Hizkuntza ereduez eta hizkuntza proiektuez gain, beste hainbat elementu jaso ditu astelehen honetan aurkeztutako proposamenak. Lehenik eta behin, curriculumari erreferentzia zuzena egiten dio, bereziki euskal curriculumari: "Euskal imentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia jaso beharko du, eta hainbat lanketa proposatzen ditugu horretarako".
Halaber, ikastetxeetako hizkuntza jarduna ere arautzen du lege proposamenak, ikastetxeak euskararen arnasgune funtzional bihur daitezen, eta ikasleak euskaraz normaltasunez bizi daitezen.
Jarraian, Kontseiluko idazkari nagusiak lege proposamenak jasotako atal guztiak zerrendatu ditu: irakaskuntzarako sarrera eta horniketa, ikastetxeetatik kanpoko eskaintza, ebaluazioa, euskararen beste lurraldeekiko lankidetza, lanbide heziketa, kirol eta arte ikaskuntzak, eta hezkuntza sistemaren helburuak eta ikasleen hizkuntza eskubideak.
"Saiatu gara ekarpena integrala egiten, hau da, euskararen betaurrekoetatik, ikasleen hizkuntza eskubideetatik, beharrezkoak diren elementu guztiak txertatzen", esan du.
HURRENGO URRATSAK
Azkenik, Kontseiluko eledunak hurrengo urratsen berri eman du. Lehenik eta behin, ekarpen gisa erregistratuko du Kontseiluak Eusko Jaurlaritzak zabaldutako prozesuan. Ondoren, alderdiei proposamenaren berri emango diete, bere egin eta haiek ere ekarpenetan jar ditzaten. "Abenduan ikusi beharko dugu zer-nola jasotzen den zirriborroan, eta horren arabera etorkizuneko estrategia definituko dugu", gaineratu du.
Amaitzeko, lege berrian euskararen gaia egoki jartzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Bilbao: "Hezkuntza sistema da egoera gutxituan dagoen hizkuntza baten berreskurapenerako zutabea. Gurean, ikusi izan dugu zer-nolako ekarpen ikaragarria egin dion hezkuntza sistemak euskalduntze prozesuari, baina oraindik urrun gaude ezagutzaren unibertsalizaziotik, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasuna izatetik".
"Hurrengo hamarkadetan indarrean izango den legeak bai ala bai bermatu behar du euskara ikas eta irakas hizkuntza izango duen eredu orokor eta inklusiboa abian jarriko dela. Ezin da aukera galdu. Ezin dugu aukera galtzen utzi", nabarmendu du.