BILBO 11 Feb. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, igande honetan, otsailaren 11n, eguraldiak lasaitzera egingo du orduak pasa ahala. Egunaren lehenengo partean zaparrada batzuk botako ditu Kantauri isurialdean; arratsaldean, ordea, pixkanaka atertzera egingo du. Gainera, eguerditik aurrera baliteke ostarteak irekitzea han-hemenka.
Tenperatura maximoetan ez da gorabehera handirik izango, baina minimoak pixka bat jaitsi egingo dira. Mendebal-osagaiko haizea ibiliko da, zakarrago egunaren lehenengo partean; gauean baretu eta hegoaldera egingo du. Elur kota goizaldean eta goizean goiz 1.000-1.100 metro inguruan egongo da.
Hiriburuetan, Baionan 8 gradu espero dira gutxienez eta 11 gehienez, Bilbon 8 gutxienez eta 13 gehienez, Donostian 7 gutxienez eta 12 gehienez, Gasteizen 2 gutxienez eta 10 gehienez, eta Iruñean 2 gutxienez eta 10 gehienez.
Itsasoan mendebal-osagaiko haizea ibiliko da, 4-5eko indarrarekin eta 6ko tarteekin egunaren lehenengo partean, eta gauean baretu egingo da, 3ko indarrarekin, eta hego-osagaira aldatuko da; itsaskia eragingo du, itsaski handiko guneekin, eta gauean itsaso kizkurra. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, eta arratsaldean txikitu eta gauean 2,5 metro ingurukoak izango dira. Itsasgorak 05:28an eta 17:54an izango dira, eta itsasbehereak 11:37an eta 23:53an. Uraren tenperatura 13 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.