DONOSTIA 13 Ago. (EUROPA PRESS) -
Ertzaintzaren agenteek 29 urteko gizon bat atxilotu zuten astearte arratsaldean Zestoan (Gipuzkoa), osasun publikoaren kontrako delitu bat egotzita, kilo erdi speed baitzeraman. Atxiloketa Gi-631 errepidean egin zuten, agirien ohiko kontrol batean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek gaur jakinarazi dutenez.
Gertakariak astearte arratsaldean jazo ziren, 18:30ak aldera, Ertzaintzaren patruila bat GI-631 errepideko 0,500 kilometro-puntuan, Zestoan, ibilgailuen agirien kontrol bat egiten ari zenean. Une horretan, agenteek BMW 325 bat gidatzen zihoan gizonezkoari gelditzeko agindua eman zioten, eta kontrol mota hauetan eskatu ohi diren agiriak eskatu zizkioten.
Orduan, gidaria urduri jarri eta modu bitxian jokatzen hasi zela ohartu ziren agenteak. Hori ikusita, ertzainek autotik irteteko agindu zioten. Gidariak zeramatzan gauzetan miatu ostean, agenteek bi pakete atzeman zizkioten arropen barruan ezkutatuta: bat eskuin belaunean eta bestea ezker orkatilan. Paketeek zuri koloreko hautsa (ustez, speed) zeukaten.
Gizonezkoa atxilotu eta Azkoitiko ertzainetxera eraman zuten. Bertan proba kimikoen bidez egiaztatu ahal izan zutenez, atxilotuak zeraman produktua anfetamina sulfatoa (speed) zen, 500 gramo guztira, alegia. Atxilotua Azpeitiko Guardiako epailearen esku jarriko dute, dagozkion polizia eginbideak amaitu ostean.