Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Teresa Catalanen "Printzesaren Dantza" estreinatuko du aste honetan

Emmanuelle Bertrand biolontxelista frantsesa
EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 7 abril 2014 10:20

BILBO 7 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) bonu denboraldiko 9. programari dagozkion kontzertuak eskainiko ditu gaurtik ostiralera bitartean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta, Carlo Rizziren zuzendaritzapean, Teresa Catalani eskatutako "Printzesaren Dantza" estreinatuko du. Emanaldietan, Amaia Zubiria kantaria izango du lagun EOSek, eta Emmanuelle Bertrand biolontxelo jotzaileak debuta egingo du denboraldian.

Horrela, gaur eta ostiralean, Donostiako Kursaaleko auditoriumean izango dira kontzertuak; asteartean, Gasteizko Principal Antzokian; asteazkenean, Iruñeko Baluarteko auditoriumean; eta ostegunean, Bilboko Euskalduna jauregian, orkestrako iturriek jakinarazi dutenez.

"Printzesaren Dantza" Teresa Catalan konpositore iruindarraren obra intimista da, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak estreinatutako enkarguzko obren katalogoan orain arteko azkena. 1982an sortu zenetik, euskal orkestrak gure inguruko musika sorkuntzaren sustatzaile eta zabalkunderako plataforma bilakatzearen konpromiso bikoitza hartu zuen, eta oinarri horri erantzunez, 23 dira enkargu eta ondorengo estreinaldien politika honetatik eratorritako obrak.

Partitura hauek C. Bernaola, F. Ibarrondo, L. de Pablo, A. Larrauri, F. Escudero, R. Castro, T. Aragüés, R. Lazkano, G. Erkoreka, Z. F. Gerenabarrena, A. Lauzurika, J. Torre eta J. Egiguren bezalako konpositoreek sinatu dituzte. Horrez gain, lan horietako zortzi, EOSek BBVA Fundazioaren lankidetzarekin bere 30. urteurrena ospatzeko antolatutako "Tesela" konposizio proiektuaren baitan sortuak dira, "nazioarteko zortzi konpositore ospetsuk euskal kulturaren inguruan duten irudia islatzen duen mosaikoa osatuz.

"Printzesaren Dantza" Teresa Catalanen bigarren balleta da, eta 2009ko urria eta 2010eko urria bitartean idatzi zuen. 12 minutu irauten duen mugimendu bakarrarekin, dantzatu beharreko baina programa zehatzik gabeko bilbe bati jarraitzen dio. Interpretazioaren aurretik, Amaia Zubiria kantariak Catalanek berak idatzitako atarikoari ahotsa jarriko dio eszenatokitik bertatik.

Halaber, Emmanuelle Bertrand biolontexlistak J. Haydnen "Biolontxelo eta orkestrarako 2. kontzertua" interpretatuko du EOSekin. 2011n, 'Diapason' aldizkariak eta France Musiqueko entzuleek Urteko Artista aukeratu zuten, eta "Le violoncello parle" diskoari esker, urte horretako Diapason d'Or saria jaso zuen.

Bertrand 2002an egin zen ezaguna, "Victoire de la Musique Classique" saria irabaziz. Gaur egun, eskola frantseseko biolontxelo jotzaile nabarmenena da. EOSek eta Musikenek sustatutako Aula Jorda Gela egitasmoaren baitan, Emmanuelle Bertrandek ikastaro magistral bat eskainiko dio biolontxelo ikasle talde bati, apirilaren 11n, orkestraren egoitzan, Miramonen. Egitaraua osatuz, D. Shostakovitchen "10. Sinfonia" izango da entzungai.

Carlo Rizzik hainbat alditan zuzendu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. 1990eko hamarkadan lehen aldiz zuzendu zuenetik, zuzendari italiarra orkestraren zuzendari gonbidatuen artean klasiko bilakatu da dagoeneko.

Kontzertu hauetarako sarrerak internet bidez erosi daitezke, www.kutxabank.es webgunean Donostia, Bilbo eta Gasteizko kontzertuetarako eta www.ticketmaster.es webgunean Iruñeko kontzerturako. Halaber, aretoetako leihatiletan ere eskura daitezke, zazpi eurotik aurrera.

Contenido patrocinado