Getariako Malkorbe hondartzan bainurik ez hartzea gomendatu dute, uraren kalitatea dela eta

Malkorbe hondartza, Getarian.
GETARIAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: martes, 15 junio 2021 16:34

DONOSTIA 15 Jun. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gomendatu du aldi baterako Getariako (Gipuzkoa) Malkorbe hondartzan bainurik ez hartzea, uraren kalitateak ez dituelako beharrezko baldintzak bete.

Izan ere, bainatzeko uren kalitateari buruz ohiko analisien barruan, Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak baieztatu du Getariako Malkorbe hondartzan araudian ezarritako kalitate irizpide mikrobiologikoak betetzen ez direla.

Hori kontuan izanda, Osasun Sailak eta URA Uraren Euskal Agentziak egoerari dagokion jarduketa protokoloa aktibatu dute, eta horren ondorioz, prebentzioz, aldi baterako hondartza horretan bainurik ez hartzea gomendatu du Osasun Sailak.

Bainatzeko uren kutsaduraren jarraipena egiteko protokoloan ezarritako jarraibideen barruan, gertakariaren berri eman zaie gai horretan eskumena duten gainerako erakundeei, hau da, Uraren Euskal Agentziari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Gipuzkoako Urak-i eta Getariako Udalari, antzemandako egoeraren aurrean dagozkien jarduta prozedurak has ditzaten. Aldi berean, SOS Deiak Zerbitzuari jakinarazi zaio, ondore egokiak izan ditzan.

Uraren Euskal Agentziak ikerketa prozedurari ekin dio kutsaduraren jatorria detektatzeko eta, behar izanez gero, neurri egokiak zehazteko. Osasun Sailak egunero jarraituko du hondartzako uraren kalitatea aztertzen, harik eta gertakaria amaitu arte, eta emaitzen berri emango du.

Contenido patrocinado