GASTEIZ, 9 (EUROPA PRESS)
Berri Txarrak taldearen sortzaile Gorka Urbizu eta Izaro Andres Zelaieta abeslari eta musikagilea izango dira "Rockomunikazioa (Artea, hizkuntzak & rock and rolla)" euskarazko jardunaldiaren protagonista Gasteizko Artium Museoan. Ekitaldia asteartean izango da, urriaren 10ean, MondragonLingua Taldearen TOPAKEtalk programaren baitan, eta arratsaldeko 19:00etan hasiko da.
Ekitaldia dohainik da, baina joateko MondragonLinguan Taldearen edozein zentroan hartu behar da gonbidapena edo, bestela, izena eman www.mondragonlingua.com webgunean, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez.
Oñatiko Kultur Etxean eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean egin da dagoeneko ekitaldi hau eta bietan aretoak bete egin dira. Topaketa honetan, bi musikariek elkarrizketa lasai bat izango dute, eta bertaratutakoek aukera izango dute Berri Txarrak taldeko gitarrista eta abeslaria bezalako izen handiko rock musikari baten eta ibilbidearen hasieran dagoen Mallabiako artista bezalakoaren esperientziak aurrez aurre jartzeko.
Rock and roll musikari baten bizitza inguratzen duten gaiei buruz mintzatuko dira: musikaren industria, mundu horretan dagoen sexismoa, lan prekarietatea, errepidea, sorkuntza prozesua eta abar. Beren bizitza artistikoa inguratzen duten hizkuntzekin duten harremanaz ere hitz egingo dute, bai abestien letrak idaztean, bai beren biretan komunikatzeko. Amaiera gisa, artista bakoitzak beste artistak sortutako abesti bat joko du gitarra akustikoarekin.
Saioa osatzeko, musikariek beraiek gaiarekin lotuta aukeratu duten Artium bildumako bi pieza egongo dira ikusgai: "Turn on the radio" izeneko Eduardo Balanzaren instalazio bat eta Patti Smith artista estatubatuarraren argazki bat.
URBIZU ETA IZARO
Gorka Urbizu (Lekunberri, Nafarroa, 1977) Berri Txarrak taldeko gitarra jotzailea eta abeslaria da. Bere taldea, gaur gaurkoz, euskarazko rock talde nagusia da. 1994an sortu zenetik, estudioko zortzi disko eta hainbat bilduma editatu ditu, eta eszenatoki askotara igo da, Euskal Herrian eta Europan ez ezik, baita AEBetan, Japonian edo Latinoamerikan ere.
Urbizu Coloradotik (AEB) iritsi berria da. Bertan pasatu du udaren zati handiena, Bill Stevenson ekoizlearen (Descendents, Black Flag) eskutik disko berri bat grabatzen hirukoteko beste bi taldekideekin batera.
Bestalde, Izaro Andres Zelaietak (Mallabia, Bizkaia, 1993) hiru urte soilik daramatza musikaren munduan, baina "Paradise" abestiarekin agertu zenetik hazi eta hazi ari da.
Beste lau musikarirekin batera taldea osatu ostean, bere lehen diskoko ("Om") abestiak aurkezten aritu da azken urtean, Izaro izen artistikoarekin. Une honetan abesti berriak grabatzen ari dira. Hiru hizkuntzetan konposatzen eta abesten du: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.