GASTEIZ 30 Ago. (EUROPA PRESS) -
Euskadiko Hizkuntza Eskola Ofizialetan 2019-2020 ikasturterako matrikula eskaera egiteko epea irekiko da datorren igandea, irailaren 1ean, eta hilaren 18ra arte egongo da aukera izena emateko. Hezkuntza Sailaren menpeko 14 Hizkuntza Eskola Ofizialek zortzi hizkuntza ikasteko aukera eskainiko dute ikasturte berrian.
Eskainiko duten plaza kopurua honela dago bananduta: 15.079 plaza ingeleserako, 7.098 plaza euskararako, 6.228 plaza frantseserako, 2.830 plaza alemanerako, 665 plaza gaztelaniarako, 595 plaza italierarako, 320 plaza portugeserako eta 180 plaza errusierarako.
Ikasturte berrirako matrikula eskaera Hezkuntza Sailaren Ikasgunea plataformaren bidez egin beharko da, bertan izena eman ondoren. Plataforma honetan izen ematea egiteko identifikazio dokumentu bat (NAN edo AIZ) eta posta elektronikoaren helbidea besterik ez dira behar. NAN edo AIZ ez duten atzerritarrek Hezkuntza Nortasun Agiria (HNA) eskatu beharko dute Hizkuntza Eskola Ofizialean bertan, aurrez agiri hau ez badute.
Erregistroa egin eta Ikasgunean sartu ondoren, matrikula eskaera egiteko prozesua hasi ahal izango da 'Onarpen eskaera' atalean. Aurrerantzean, plataforma honen bidez matrikula prozesuaren jarraipena egin ahal izango da, baina baita beste zenbait izapide ere, hala nola, Eskola Agiri Ofizialak eskuratu edo notak kontsultatu.
Dena den, gogorarazi beharrekoa da esleipenerako lehen fasean plazarik eskuratzen ez duten eskatzaileak automatikoki pasatu ohi direla bigarren fasera, eskaera berririk egin beharrik gabe, eta lehen fasean bete gabe geratzen diren plazak eskuratzeko aukera berria izaten dutela era horretan.