GASTEIZ, 17 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzak 14,9 milioi euro banatuko ditu Moves III 2025 trakzio elektrikoko ibilgailuak erosteko diru laguntzen programaren bitartez, eta uto bakoitzeko 7.000 euroko laguntza emango da gehienez, Jaurlaritzako arduradunek iragarri dutenez.
Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak asteazkenean argitaratuko du programaren deialdia, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez, eta eskaerak egiteko epea ekainaren 25ean irekiko da. Laguntzen helburua da ibilgailuen elektrifikazioa eta motorizazio elektrikoko 2.000 ibilgailu berri inguru erosten laguntzea.
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak nabarmendu duenez, "herritarrei emisio gutxiago sortuko dituzten ibilgailu berriak eskuratzen lagundu behar diegu, eta, aldi berean, automobilgintzaren sektorea babestu behar dugu, funtsezkoa delako euskal ekonomiarentzat, 40.000 lanpostu sortzen baititu".
Jauregik gogorarazi du Jaurlaritzak mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko, neutraltasun teknologikoaren aldeko apustua egin duela, eta ibilgailu elektrikoei laguntzea "beharrezkoa" dela, jakina, "baina baita emisio gutxiagoko beste ibilgailu batzuei ere, garraioaren deskarbonizazio orekatua eta adimenduna bultzatzeko".