Foto: NAUTILUS FLOATING SOLUTIONS
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
BILBO, 10 (EUROPA PRESS)
Nautilus Floating Solutions Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) partzuergo industrial eta teknologikoak "Nautilus" plataforma flotatzailearen prototipoaren lehen saioa egingo du. Itsas hondoaren sakonera dela-eta gaur egungo irtenbide zimendudunak jar ezin daitezkeen tokietan offshore aplikazio eolikoetarako plataformak jartzeko aukera emango duen lehen garapena da probatuko dena, partzuergoko arduradunek azaldu dutenez.
Astilleros de Murueta, Tecnalia, Tamoin, Velatia eta Vicinay Marine Innovacion enpresek osatzen dute Nautilus Floating Solutions partzuergoa, "nazioarteko merkatuetan diharduten eta offshore haize energiaren merkaturako plataforma flotatzaileen garapenean munduan erreferente bihurtu nahi duten lau enpresa aitzindari eta teknologia zentro aurreratu bat".
Garapen teknologiko eta industrial berri honetan, 2016tik aurrera hasiko dira unitate komertzialak ekoizten, eta espero da une horretatik aurrera tokiko industrian eragin handia izatea eta jardueraren lehen bost urteetan 100 lanpostu berri sortzea.
Nautilus Floating Solutions partzuergoak jakinarazi duenez, plataforma flotatzailearen prototipoaren saioa Ingurumen Hidraulikako Institutuan egingo da, Kantabriako Parke Zientifiko eta Teknologikoan, Santanderren.
Plataforma flotatzaile erdi urperatuak 60 metro baino gehiagoko sakoneretarako dira egokiak -horrelako zona asko daude munduan-. Egituraren abantailak diseinuan daude, ohiko ontzioletan egin, aerosorgailua portuan muntatu, eta garraioa eta instalazioa ere ohiko itsasontziekin egin daitezkeelako. Gainera, "Nautilus" plataformaren gaur egungo diseinuak 5 MWeko aerosorgailuak hartzeko aukera ematen du, baina helburua 10 MWerainokoak erabili ahal izatea da.
Aurreikuspenen arabera, itsaso gaineko irtenbideak offshore haize energiako protagonista izango dira etorkizunean, plataformak ur sakonagoetara emateko beharrari erantzungo baitiote. Ur sakonago horietan baliabide eolikoa ugariagoa eta konstanteagoa denez, eta ikusizko inpaktua txikiagoa, potentzia handiagoko aerosorgailuak erabil daitezke.
"Nautilus" plataformak dibertsifikatzeko aukera emango die partzuergo berrian parte hartzen duten enpresa industrialei, gaur egun dituzten gaitasunetatik abiatuta, negozio aukera handiak dituen munduko merkatu berri batean sar baitaitezke.