BILBO, 3 (EUROPA PRESS)
BilbaoDendak elkarteak #NikbilbaoDendakAukeratzenDut kanpaina berria jarri du martxan, Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin, saltokien errealitateak hurbiltzeko eta "egunero pertsiana irekitzeko egiten duten ahalegina" ezagutzera emateko asmoz. Horretarako, elkarteko kide diren saltokien jabeek dendaosteak erakutsiko dituzte.
Aitor Elizegi BilbaoDendak elkarteko presidenteak, zenbait mekatarik, Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak astearte honetan aurkeztu dute kanpaina. Helburua da "egunero Bilbo merkataritza hiri gisa kokatzeko lan egiten duen sektorearen errealitatea erakustea, ohiko bezeroentzat eta bisitarientzat eskaintza lehiakorra, bereizia, espezializatua eta integratua duen sektorearena", hain zuzen.
Horrela, BilbaoDendak elkartearen kanpaina berriak publikoari lehen aldiz irekiko dizkio dendaosteak, sekula ikusten ez den espazioa. "Bertan ezkutatzen da egunero merkatariek pertsiana irekitzea posible egiten duen lanaren zati handi bat", adierazi dute.
"Nik Bilbo aukeratzen dut" da ekimearen leloa. Merkataritzako 12 gunetako elkarteak, Erriberako Merkatua, Zubiarte eta El Corte Ingles merkataritza zentroak, Bilboko Merkataritza Ganberak eta Bilboko Udalak osatzen dute BilbaoDendak elkartea, eta guztiek dute helburu bera: hiriko merkataritza eta turismo jarduera sustatzea.
Kanpaina elkarteko kide diren saltokien erakusleihoetan egongo da ikusgai, hau da, 2.000 erakusleihotan baino gehiagotan. Kartel batzuk gonbidatuko dute erosketak Bilboko auzoetan egitera. Komunikabide eta autobusetan publizitatea sartzeaz gain, ekimenaren muina 13 bideo dira, historia errealetan oinarrituta, eta merkatarien elkarte bakoitza irudikatuz: Basurtu, Bilboko Erdigunea, Alde Zaharra, Deustu, 2. barrutia, Otxarkoaga, Rekalde, San Frantzisko-Bilbo Zaharra-Zabala, Hiru Auzo (San Ignazio, Ibarrekolanda eta Elorrieta), Santutxu, Txurdinaga, Zorrotza eta Erriberako Merkatua.