Euskararen normalizazioan Eusko Legebiltzarra "atzerapauso handi bat" ematear dagoela salatu dute

BILBO, 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

   Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolakundeak (EKA), Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak salatu dute Eusko Legebiltzarra "atzerapauso handi bat" ematear dagoela euskararen normalizazioari dagokionez. Izan ere, alderdi politikoen jarreretan azken uneko ustekaberik ez badago, Eusko Legebiltzarrak 123/2008 Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretutik arau-hausteengatiko zehapenen atala kentzea onartuko du ostegun honetan, otsailaren 9an, PSE-EE, PP eta UPyDren botoekin.

   Horrela, interes orokorreko zerbitzuen enpresentzat eta merkataritzako neurri handiko saltokientzat kontsumitzaileei Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bi hizkuntza ofizialetan arreta emateko (arreta pertsonala, rotulazioa, dokumentazioa) dekretuak ezartzen dituen beharrak ez betetzea zigorrik gabe utziko da.

   Hiru erakundeek adierazi dutenez, 2008ko dekretua "gabezi handiekin" jaio zen: interes orokorreko zerbitzuen enpresei (telefonia, argindar, gas hornitzaileak eta abar) eta EAEko hiru hiriburuetan eta %33 baino euskaldun gehiagoko udalerrietako 15 langiletik edo 400 metro karratutik gorako saltokiei (EAEko saltoki guztien %6,5i soilik) baino ez die eragiten, eta euskaraz etiketatzeari buruz ez du ezer esaten.

   "Motza izanda ere, merkataritzan euskararen erabilpena legez sustatzeko lehenengo saiakera serioa izan da 123/2008 Dekretua. Ostegunerako aurreikusita dagoena gauzatzen bada, Eusko Legebiltzarrak ezerezean utziko du merkataritzan kontsumo-harremanak euskaraz egiteko eskubidea, kontsumitzaile euskaldunen eskubideen babesean atzerapauso handi bat emanez", salatu dute.

"GOMENDIO HUTSAK"

   Horrela, erakundeon arabera, legeak, edozein eremutan, agintzaileak eta hertsatzaileak dira berez, beharrak ezartzen baitituzte, eta horiek betetzen ez dituztenentzako zehapenak ere bai. Horregatik, zigor atalik gabe, ezartzen dituzten beharrak betetzea borondatearen esku utzita, "legeak ez dira lege, gomendio hutsak baino".

   "Zehapenik gabe, paper busti bihurtuko da dekretua. Are okerrago, benetako betetzea eta benetako eragina izan zitzakeen beste dekretu bat ekiditeko baino ez du balio izango oraingo dekretu indargabetuak", kritikatu dute.

   EKA, Behatokia eta Kontseiluarentzat, edozein gobernuren betebeharra bere herritarren ongizatea eta eskubideak bermatzea da, eta "kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak (dekretuan aldaketa honen bultzatzailea PSE da) betebehar horri muzin egin eta herritarren aurka egiten du, herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideak zapuztuz eta herritarrek euskaraz bizitzeko duten nahia gutxietsiz". "Gogoratu nahi dugu Hizkuntza Eskubideen Behatokian jasotako kexen %35,21 enpresek eta zerbitzu-emaileek eragindakoak direla", adierazi dute.

   Horregatik guztiagatik, hiru erakundeok "erabateko desadostasuna" adierazi dute "euskararen normalizazioari oztopo larri hau onartuko duten alderdi politikoei". "Eta herritarrei dei egin nahi diegu bidegabekeria honen aurrean euskaraz bizitzeko nahiari determinazioz eutsi eta kontsumo-harremanak euskaraz egiten jarrai dezaten", adierazi dute.

El vídeo comenzará después de 30 segundos de publicidad.
Portal Turismo
 
la actualidad más visitada en www.europapress.es
Hesjedal remonta a 'Purito' y gana el Giro Nuevo disco de Bon Jovi a principios de 2013 Matthew McConaughey se meterá en la piel de John F. Kennedy

www.europapress.es es el portal de actualidad y noticias de la Agencia Europa Press. Publicación digital auditada por OJD.
© 2012 Europa Press. Está expresamente prohibida la redistribución y la redifusión de todo o parte de los contenidos de esta web sin su previo y expreso consentimiento.