Eusko Jaurlaritzak merkataritza-bulego bat irekiko du Alemanian

Actualizado: lunes, 13 mayo 2013 19:32

BILBO, 13 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak merkataritza-bulego bat irekiko du Alemanian, merkatu horrek ekonomiaren jarduera areagotzea ekar baitezake, bai eta Euskadiren enpresa-egituran enplegua sortu ere.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak esan duenez, Alemania "Euskadiren kide nagusietako bat" izan da urteetan, inportazioen eta esportazioen arloan, eta euskal enpresen merkataritza-ezarpen gehien dituen herrialdeetako bat da.

Tapiak azaldu du Alemanian merkataritza-ordezkaritza duten enpresak "oso pozik" daudela bulego berri bat irekitzeko erabakiarekin, eta zuzeneko presentzia izatea "oso garrantzitsua" dela diotela.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu 15 euskal enpresa garrantzitsutako arduradun nagusiekin bildu dira gaur goizean Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den Nazioartekotze Estrategia jakinarazteko. Horren ondoren, Arantza Tapia hedabideen aurrean agertu da, bileraren berri emateko eta euskal ekonomia eta enpresak nazioartekotzea bultzatzeko gobernua prestatzen ari den jarduera-ildo nagusiak aurreratzeko.

Eusko Jaurlaritzak hiru helburu nagusi ezarri ditu gai honen inguruan: euskal ekonomiaren irekitze maila handitzea, nazioarteko lankidetza- eta finantzazio-proiektu aldeaniztunetan parte hartzea, eta atzerriko finantzazioa erakartzea eta Euskadin finkatzea.

Helburu hauek lortzeko, Eusko Jaurlaritzako Nazioarteko Estrategiak lau jarduera-ildo biltzen ditu. Lehengoa SPRIren kanpo-sarea egokitzea eta birdimentsionatzea da, eta horretarako, 16 bulegotik 13ra pasako da eta Alemanian bulego bat irekiko.

Bigarrena jarduera-ildoa Nazioartekotzearen Euskal Sistema bultzatzea da. Ildo honetan, Tapiak koordinazio eta kolaborazioa sortarazteko partzuergo bat sortzea proposatu du, Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa foru aldundiek eta EAEko hiru merkataritza-ganberek osatua.

Hirugarren ildoa enpresen nazioartekotze-fase bakoitzerako 'ad hoc' tresna sortzea da, eta laugarrena eta azkena, giza kapitala arlo honetan trebatzea da; honetarako tresna batzuk martxan daude dagoeneko, besteak beste, nazioarteko bekak, mugikortasun bekak, profesionalak kontratatzea mikroenpresetan eta enpresa txikietan programa.