IXA Taldeak denon eskura jarri du Euskal WordNet

Actualizado: jueves, 12 junio 2014 9:54
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) IXA Taldeak ikertzaile zein enpresentzat eskuragarri jarri du Euskal WordNet (http://ixa2.si.ehu.es/mcr/), euskararentzat egin den lehen ezagutza base lexikala (EBL) edo "hiztegi semantikoa", kontsultatu eta doan jaitsi baitaiteke jada. Datorren ikasturtean EHUn eskainiko den Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua Masterrean izango dira aztergai hizkuntza teknologia horiek, besteak beste.

   Makinek itzulpen automatikoa, informazio erauzketa eta hitzen adieren desanbiguazioa bezalako lanak egiteko betiko hiztegiak baino tresna informatiko boteretsuagoak behar dituzte. Horretarako, EHUko IXA Taldeak garatutako Euskal WordNet aplikazioa dago, eta orain, doan jaitsi eta kontsultatzeko moduan jarri dute.

   Euskal WordNet euskararentzat egin den lehen ezagutza base lexikala da, alegia, informazio lexikala eta semantikoa jasotzen eta antolatzen dituen "hiztegi semantikoa" edo biltegi bat. "Datu-base baten antzekoa da, baina desberdintasuna da hiztegi batean jasotzen den informazioaz gain -hitzen adierak eta adiera horien definizioak eta adibideak-, kontzeptuak elkarren artean harremanetan jartzen direla", azaldu du Eneko Agirre IXA Taldeko informatikariak.

   Adibidez, 'hatz' sarrera kontsultatuz gero, zera esaten du: "gizakiaren eskua edo oina bukatzen den bost zatietako bakoitza". Hori da esanahia, baina, horrez gain, beste hainbat informazio ere jaso daitezke: hatza gorputz adar bat dela, hatz lodia hatz bat dela, hatzak eskuen zati bat direla, eskuak aldi berean besoaren zati bat direla, eta hatzak gauzak ukitzeko erabiltzen direla. Azken finean, kontzeptu guztiak euren artean harremanetan jartzen dira hierarkikoki.

   Datu base hori oso baliagarria da hainbat arlotan, hala nola itzulpengintza automatikoan, informazio erauzketan, hitzen adieren desanbiguazioan eta galdera-erantzun sistemetan. Itzulpen automatikoan, esaterako, sistemak ulertu behar du zer hitz ari den itzultzen eta horretarako horrelako "hiztegi semantiko" baten beharra dauka.

   "Ezinbestekoa da hitz batek dituen adieretatik egokiena bereiztea kalitatezko itzulpena bermatzeko. Europako proiektu batean gure ardura da WordNet erabilita egungo itzulpen automatikoen kalitate hobetzea, azaldu du Agirrek.

MASTERRA

   Euskal WordNet eta antzerako aplikazioak garatzeko hizkuntza teknologia horiek guztiak landuko dira, hain zuzen ere, 2014-2015 ikasturtean EHUn IXA Taldeak emango duen Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua unibertsitate masterrean. Bere helburua da hizkuntza aztertzea eta hori ordenagailu bidez tratatzeko dauden teknikak eta aplikazioak ezagutzea.

   Hizkuntzalaritza eta informatika uztartu nahi dituzten guztiei zuzenduta dago, hau da, filologo eta hizkuntzalari, informatikako eta telekomunikazioetako ingeniari, matematikari edo itzultzaileei.

   Masterrak urte eta erdiko iraupena du eta ikasketak EHUko Informatika Fakultatean eskainiko dira. Masterra euskaraz zein ingelesez egin daiteke. Bi edo hiru ikasturtetan ere egin ahal izango da, lanean dabiltzan profesionalek ere aukera izan dezaten.

   Aurretiaz matrikula egiteko epea irekita dago jadanik, eta ekainaren 30era arte dago izena emateko aukera. Masterrari buruzko informazio gehiago http://ixa.si.ehu.es/master/ jaso daiteke. Azken bost urtetan masterra bukatu duten ikasleen %98 arloko enpresa zein erakundeetan ari da lanean.