Metro Bilbaok Mamarigan (Santurtzi) duen lotura-zerbitzua doakoa izango da gaurtik, Barik duten erabiltzaileentzat

Actualizado: viernes, 17 mayo 2013 12:04

BILBO, 17 May. (EUROPA PRESS) -

Barik txartela duten Metro Bilbaoko erabiltzaileek dohainik erabili ahal izango dute Mamariga auzoa eta Santurtziko geltokia lotzen dituen zerbitzua gaurtik aurrera. Hala, zerbitzu hori erabiltzen dutenek ez dute ordaindu beharko zonalde bati dagokion bidaia baten dirua, orain arte egin den moduan. Aurrerantzean ere, balioztatzeko makinetara hurbildu beharko dute Barik txartela, baina sistemak ez die deskonturik egingo zerbitzu hori erabiltzeagatik.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak jakinarazi duenez, Abian jarri zenetik, instalazioan hiru sarbide zeuden, non erabiltzaileek txartela balioztatzen zuten eta 1,50 euro (noizbehinkako txartela bazen) edo 80 zentimo (Barik edo Creditrans erabiliz gero) ordaindu behar izaten zuten Mamarigako eta Santurtziko geltokien arteko bidaia egiteko.

Ibilbide hori ez denez ordainpekoa izango, Mamarigan ematen den zerbitzua beste leku batzuetan (Portugalete eta Sestaon, adibidez) ematen den zerbitzuaren parean jartzen da, non antzeko ezaugarriak dituzten sarbideak dauden eta zerbitzua beti izan den doakoa. Zehazki, Peñotako geltokitik San Juan de Dios ospitalerako sarbidea, pasabide mekanikoak dituena, edo Metro Bilbaoko Txikito Bideko sarrera, Kasko plazara iristeko aukera ematen duena.

Mamariagako instalazioa 2010eko irailaren 3an inauguratu zen, eta Mamariga auzoaren eta Santurtziko geltokiaren artean dagoen malda bi trenen bidez gainditzeko irtenbide gisa proiektatu zen. Bi tren horiek 45 bidaiariko edukiera dute, eta hiru minuturik behin irteten dira ibilbidearen mutur bietatik (bakoitza batetik); 370 metroko malda gainditzen dute 105 segundoan.