BILBO 21 Sep. (EUROPA PRESS) -
Urte honetako ekaina, uztaila eta abuztuan 25.000 bidaiari-sarrera gehiago izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hoteletan 2006ko aldi berean baino; horietatik 13.000 sarrera abuztuan izan ziren, Eustaten datuen arabera.
Joan den abuztuan 236.415 bidaiari-sarrera izan ziren, hots, %6ko hazkundea. Bidaiarien sarrerak gehitu egin ziren Gipuzkoan (%14) eta Bizkaian (%3), baina %5 gutxitu ziren Araban, 2006ko abuztuko datuen aldean.
Estatutik helduriko bidaiarien sarrerak %2 jaitsi ziren eta atzerriko bidaiarienak, ostera, %19 igo. Estatuko bidaiarien presentzia Gipuzkoan bakarrik hazi zen; atzerritik etorritakoak gehiago izan ziren hiru lurraldeetan: Bizkaian %20, Gipuzkoan %19 eta Araban %16.
Estatutik etorritako bidaiarien artean gehitu egin ziren, besteak beste, Madrildik eta Asturiastik etorritakoak; aitzitik, gutxitu egin ziren, batez ere, Katalunia, Valentzia eta Andaluziatik etorritakoak. Atzerriko bidaiarien artean gehitu egin ziren Frantziatik, Belgikatik, Alemaniatik, eta Erresuma Batutik etorritakoak; urritu egin ziren, aldiz, AEB-Kanadatatik eta Japoniatik etorritakoak.
Joan den abuztuan erregistraturiko gaualdiak 498.102 izan ziren, hau da, iazko abuztuaren aldean %3ko jaitsiera eta 17.000 gaualdi gutxiago. Gaualdiek Gipuzkoan urte arteko bilakaera positiboa izan zuten (%2); baina Bizkaian (%5) eta Araban (%16) gutxitu egin ziren. Bestalde, EAE osotara hartuta, 2007ko abuztuan bidaiarien batez besteko egonaldia %8 laburtu eta 2,30 egunetik 2,21era pasa zen.
2006ko abuztuaren aldean, plazakako betetze mailan %10eko jaitsiera izan zen, eta %8koa gelakakoan. Plazakakoa %73,40tik %66,35era jaitsi zen eta gelakakoa %77,72tik %71,75era. Jaitsiera hau, neurri batean, batez besteko egonaldia laburtzeari eta hotel-establezimenduak gehiago izateari zor zaio.
2007ko udako hilabeteetako balantzea eginez gero (ekaina-uztaila-iraila), EAEn, %4 gehiago izan ziren bidaiarien sarrerak 2006ko udaren aldean; igo egin zen Bizkaian (%6), igo baita ere Gipuzkoan (%4) eta Araban, ostera, (%2) murriztu.
Gaualdiak %1 gehitu ziren aldi berean, hots, aurreko urtean baino 11.000 gaualdi gehiago izan ziren. Bizkaian gehitu egin ziren (%4), eutsi Gipuzkoan (%0,0) eta Araban %6 jaitsi.
LANDA-TURISMOA
EAEko landa-turismoko establezimenduetan 14.554 bidaiari-sarrera zenbatu ziren joan den abuztuan, aurreko urteko hil berean baino %11 gehiago. Lurraldeka, %28 ugaritu ziren Araban, %11 Gipuzkoan eta %3 Bizkaian. Estatutik etorritako bisitariak %10 gehitu ziren EAEn, eta atzerritik etorritakoak %14.
Bestalde, gaualdiak 69.465 izan ziren 2007ko abuztuan, 2006ko hil berean baino %2 gehiago. Urte arteko hazkunde-tasak positiboak izan ziren Gipuzkoan (%4) eta Bizkaian (%1), eta negatiboak Araban (-%3).
Bestalde, bidaiariko batez besteko egonaldia 5,18 egunetik 4,77 egunera murriztu zen azkeneko abuztuan. Halaber, plazakako betetze-maila %11 jaitsi zen eta gelakakoa %9.
Aurtengo ekainean, uztailean eta abuztuan, EAE landa-turismoetan iazko aldi berean baino bidaiari-sarrera gehiago izan ziren (%1), hau da, ia 500 sarrera gehiago; gaualdiek lehengoan iraun zuten. Gaualdiek orain urtebeteko kopuruari eutsi bazioten ere, betetze-maila landa-etxeen eskaintza zabalagoagatik jaitsi zen.