BBK Salak 'Confeti. Itzulera' ekoizpen propioa estreinatuko du Bilboko Aste Nagusian

BBK Salak 'Confeti. Itzulera' ekoizpen propioa estreinatuko du Bilboko Aste Nagusian
BBK
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 12 junio 2025 11:32

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

BBK Salak 'Confeti. Itzulera' izenburuko ekoizpen propioa estreinatuko du Bilboko Aste Nagusian, abuztuaren 17tik 24ra bitartean. Diego Perez Retes aktorea da "abestiren bat duen komedia musikalaren" egilea eta zuzendaria, eta Mikel Losada, Leire Orbe, Josu Angulo Eisen, Leire Ucha, Aratxo Angulo eta Iñaki Urrutia protagonistak.

Antzezlana prentsaurrekoan aurkeztu dute ostegun honetan BBK Salan bertan, eta, Koldo Bilbao BBK-ko Kultura arduradunak nabarmendu duenez, Bilboko Kale Nagusiko aretoak hirugarren urtez jarraian berritu du "Aste Nagusirako bereziki asmatutako jatorrizko eta kalitatezko antzerki ikuskizunak sortzeko konpromisoa".

Bada, 'Agur, Otxoa feroz!' (2023) eta 'Urte berri off! Feliz 2025' (2024) lanen ondoren, 2025eko Aste Nagusian Diego Perez Retesen 'Confeti. Itzulera' estreinatuko du BBK Salak. Abuztuaren 17an estreinatuko da eta Aste Nagusiko azken egunera arte egongo da kartelenean (abuztuak 24). Sarrerak salgai daude jada eta 25 euroko prezio bakarra dute (azken prezioa).

Obraren egile eta zuzendariak berak "abestiren bat duen komedia musikal" gisa definitu du lana. Hiru hamarkada lehenago arrakasta izan zuen Confeti haur laukotearen elkartzea kontatzen du.

"Modak aldatu zirenean, egoak eta inbidiak azaleratu ziren, eta herrialdea maitemindu zuten haur maitagarri haiek, jada ez ziren hain maitagarriak. Baina, orain, gertaera tragiko baten ondorioz, taldekide ohiek berriro elkar ikusi beharko dute", azaldu du Perez Retesek.

Obraren jatorrizko abestiak, soinu espazio guztia bezala, Adrian Garcia de los Ojosek konposatu eta idatzi ditu, eta ikuskizunak "beste sorpresatxo musikalen bat ere izango du".

Perezek lehen aldiz ekin dio antzezlan luze bat zuzentzeari. "Pieza labur batzuen arduraduna izan naiz, eta muntaia luze handietako zuzendari laguntzailea ere. Beraz, hau zen aurre egiteko unea", esanh du.

Gainera, istorio propioa sortuz egin du jauzia, "40 urteak betetzeak norberari eragiten dion nostalgiak bultzatuta". Duela hiru hamarkada baino gehiago, haurra nintzenean, nire bizitzaren zati horretatik zerbait berreskuratu beharra neukan", aitortu du.

"Horrek garai hartako musikara eraman ninduen, eta katalizatzaile gisa balio izan dit istorio bat idazteko, azken finean, gai unibertsal handienetako bati buruz hitz egiten duena: giza harremanei buruz. 'Confeti. Itzulera', haurtzaroko lagun zaharrekin berriz elkartzearen kontakizun bat da", gaineratu du.

TOKIKO TALENTUA

Sala BBKren ekoizpen berria Bilboko La Mapatxa antzerki konpainiarekin elkarlanean egin da; Perez Retesek berak eta obraren talde artistikoko beste hainbat kidek osatzen dute konpainia. Horrela, Koldo Bilbaok nabarmendu duenez, "BBK Salak euskal tokiko talentuari ematen dion laguntza irmoa berretsi du".

Ildo horretan, Perez Retesek esan du proiektuan "talentu handiko jende oso jatorra" izan duela inguruan, "ondo" ezagutzen dituela eta aurretik ere "bikain" lan egin duela beraiekin.

Aipatutako taldeaz gain, Olatz Ganboa aktorea da zuzendari laguntzailea, Edu Berja argiztapenaren arduraduna eta Daniel F. Carrasco jantzien eta kartelaren arduraduna. Perez Retes bera arduratu da eszenografiaz.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado