Batxilergoko ikasleen artean "ikerketaren aldeko bokazioak pizteko" ekimen bat egingo dute Ikerbasquek eta BC3-k

Actualizado: lunes, 10 enero 2011 13:19

BILBO, 10 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ikerbasque eta BC3 erakundeetako ospe handiko ikertzaileek ekimen berritzaile batean parte hartuko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetara komunitate zientifikoaren errealitatea hurbildu eta batxilergoko ikasleen artean "ikerketaren aldeko bokazioak pizteko" asmoz. Helburua ez da izango ikertzaile bakoitzak norberaren ikerketa-ildoa xeheka azaltzea, baizik eta ikerketa-karrera aukeratzeko zergatiak igortzea eta zientziari buruzko ikusmolde itxuragabetuei aurre egitea.

"Training Caravan/Ikertzaileak Gelan" izenburuko proiektu berria gaur goizean aurkeztu dute Bilbon Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendariak.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin batera, "Training Caravan/Ikertzaileak Gelan" Ikerbasque Euskal Zientzia Fundazioak eta BC3 Klima Aldaketari buruzko Ikerketa Zentroak bultzatu dute, eta hauexek dira hitzaldiak emateaz arduratuko diren pertsonak aukeratu eta igorriko dituztenak. Guztira, ordu eta erdi inguruko 30 bat hitzaldi antolatuko dira urtarrilaren 17tik apirilaren 15era bitartean, den-denak ingelesez. Helburua ez da izango inondik ere ikerketa-lerroak xeheka azaltzea, aukera hau hautatzeko zergatiak ezagutaraztea baizik.

Hitzaldi horietan era askotako gaiak jorratuko dira, Zientzia Esperimentaletatik Humanitateetaraino, Medikuntza eta Bizitzaren Zientziak, Lurra eta Ingurumenaren Zientziak, Ekonomia eta Gizarte Zientziak, Matematika eta Informazio Teknologiak barne.

"Training Caravan/Ikertzaileak Gelan" ekimenaren bultzatzaileek badakite hitzaldi bakar batek ezin duela erabaki etorkizuneko bokazio profesionala, baina ziur daude era honetako ekitaldiek euskal ikerkuntza Bigarren Hezkuntzako ikasgeletara hurbildu, ikerketa-karrera ezagutarazi eta etorkizuneko aukeratzat bistaratzen lagun dezaketela.

PROBA PILOTUA

Hitzaldi-zikloaren lehenengo edizio hau abiarazi aurretik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Ikerbasque eta BC3rekin batera, proba pilotua egin du 2010. urtean, era honetako ekimen batek izan dezakeen harrera baloratzeko asmoz. Honela, 2010eko maiatzetik azarora bitartean, 12 hitzaldi antolatu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste horrenbeste ikastetxetan, eta horien ondoren, atsegin-mailari buruzko inkestak egin zitzaizkien zentro bakoitzeko ikasle eta arduradunei.

Klima Aldaketan espezializatutako BC3ko lau adituk eta Matematika, Fisika, Ekonomi Zientziak, Historia eta Medikuntza alorretako Ikerbasqueko sei ikertzailek parte hartu zuten hizlari bezala hautatutako ikastetxeetan, eta emaitza oso positiboa izan zen orokorrean.

Ildo horretan, bertaratutako gehienek interes handikotzat jo zuten hitzaldia, eta beraien esanetan, ekitaldi horri esker, dexente hobetu dute ikerketa-jardueraz zuten ezagutza. Ikastetxeen aldetik ere, balorazioa arras positiboa izan zen, baina beharrezkotzat jo zuten ekitaldia aurretik hobeto prestatzea, hizlariei buruzko informazioa ematea eta egutegi bateratua lantzea, azterketatik hurbil dauden datak ekiditeko asmoz.

Era berean, ikasleek egindako iradokizunak bildu dira, hitzaldi berrietarako interesgarriak izan daitezkeen gaiak zehazteko asmoz. Ildo honetan, lehentasunak era askotakoak izan dira, internetekin -eta zehazkiago esanda sare sozialak delakoekin- zerikusia duten gaietatik hasi eta garapen iraunkorra, Giza Eskubideak, Unibertsoaren jatorria, giza-genoma eta ingeniaritza genetikoa, Nanoteknologia edota Matematikarekin zerikusia duten gaietaraino.

Orain, abian jarri den programa honi esker, euskal ikastetxeetako Batxilergoko 1.000 ikaslek baino gehiagok eskutik eskura ezagutu ahal izango dute Euskadiko alor desberdinetako ikertzaileek egiten duten lana. Ekimena EAEko hiru lurralde historikoetan egingo da, hiriburuetan nahiz Leioa, Elgoibar, Trapagaran, Mutriku, Getxo, Oñati, Hernani, Barakaldo, Tolosa, Beasain, Lazkao, Durango, Lasarte, Agurain, Azkoitia, Iurreta, Basauri eta Urretxu bezalako herrietan, besteak beste.