DONOSTIA 17 May. (EUROPA PRESS) -
Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du larunbat honetan, maiatzaren 19an, 20:00etatik aurrera, Donostiako Kursaalaren auditoriumean, "Oroimenaren oraina" bere azken diskoa aurkezteko.
Antolatzaileek nabarmendu dute Benito Lertxundi euskal kantagintzaren zutarri historikoetako bat dela. "40 urtetik gora daramatza abesten, eta gaur ere musika tradizionala aztertzen dihardu", azpimarratu dute.
Musikari eta abeslari oriotarraren azken lana, "Oroimenaren oraina", disko "guztiz zaindua" da, "edertasun artistiko paregabea eta sakontasun sentsual handia dituena". Lertxundiren beraren hitzetan, "oso disko poetikoa da".
Fernando Pessoa, Jon Maia, Olatz Zugasti, Kirmen Uribe, Pako Aristi, José Ramón Uriarte eta Lertxundiren beraren testuak baliatzen ditu, "denboraz kanpoko sinfonismo hunkigarriz musikatuak eta abestiak espirituaren laztan, bizitzaren hats eta gure bakardadearen lagun bihurtzen dituen ahots batez interpretatuak".
"Disko honi poesia dario, nola letretan hala musiketan, eta azken hauek oso poesia handia dute. Abestia, niretzat, musikaren eta letraren arteko sinbiosi moduko bat da, eta ez batak ez besteak ez dute bestearen aitzikia izan behar", azaldu du Benito Lertxundik diskoaren inguruan.