Bermeoko XVIII. Arrain Azokak salmenta aurreikuspenak bete dituela esan du antolakuntzak

Jendea Arrain Azokako standak bisitatzen
BERMEOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 21 mayo 2012 15:31

BILBO 21 May. (EUROPA PRESS) -

Bermeoko (Bizkaia) XVIII. Arrain Azokak salmenta aurreikuspenak bete ditu eta, kasu gehienetan, enpresa erakusleen helburuak lortu dira. Bermeoko Udalak adierazi duenez, eguraldi txarraren ondorioz espero zen baino jende gutxiago batu zen, baina bertaratu zirenak 25 erakustokietan produktuak dastatzera eta erostera animatu ziren. Maiatzaren 18tik 20ra bitartean egin aurten azoka.

Horrez gain, XVIII. Arrain Azokaren barne antolatutako hainbat jardueretan 1.000 pertsonek baino gehiagok parte hartu zutela jakinarazi du Bermeoko Udalak. Esaterako, arrain salmenten simulazioak 343 pertsonek ikusi zituzten, 1912ko galernaren eta arrantzaren inguruan antolatutako hitzaldiak 100 pertsonek entzun zituzten eta 130 izan ziren Urpeko Zine Zikloaz gozatu zutenak.

Ildo berean, pertsona asko hurbildu ziren Arrain Azokan egindako hainbat erakusketa eta antzerkietara. Adibidez, bokartaren tratamenduari buruzko erakusketak jende nahiko batu zuen jatetxe karpan.

Pascal Barbot, hiru Michelin izar dituen Astrance jatetxeko sukaldari frantses famatuak ere bisitatu zuen Arrain Azoka, Bermeo eta bere produktuak ezagutzeko asmoz. Bestalde, euskal japoniar elkarteak aurten ere parte hartu zuen azokan, Galernako standean.

Arrain Azokan urtero berrikuntzak gehitzen saiatzen dira eta enpresak helburu hau lortzen ari dira azken urteotan, azoka erakargarriagoa bihurtuz publikoarentzat. Aurtengo edizioan hainbat produktu berri egon dira, bakailao melatua eta itsaskien patea, hain zuzen. Horrez gain, produktuen ontzietan ere berrikuntza ugari aurkitu ahal izan dira kontsumitzaileentzat erosoagoak bihurtuz.

Azkenik, jatetxe karparen kokapen berria, Lameran, erakustokien ondoan, ontzat jo dute bai publikoak bai erakusleek. Bermeoko Udalaren ustez, Arrain Azokaren "helburuak lortu dira, alde batetik arrantza eta itsasoaren mundua zabaltzea eta, beste alde batetik, kontserba industria bultzatzea".

Contenido patrocinado