Bizkaiko ahaldun nagusiak Ortuellako Berzilatu instalazioa eta Orconerako bidegorria bisitatu ditu

Jose Luis Bilbao Berziklatun
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 18 mayo 2012 19:39

BILBO 18 May. (EUROPA PRESS) -

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, Iosu Madariaga Ingurumeneko foru diputatuarekin eta Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioen foru diputatuarekin batera, Ortuellan Berziklatu hondakin handiak tratatzeko instalazio berriak eta Ortuellako Orconera auzoa eta Trapagaran lotzen dituen ia lau kilometroko bidegorria bisitatu ditu. Bisitan Xabier Cuellar Trapagarango alkatea ere egon da.

Berziklaturen hondakinak tratatzeko modulu berriak 300 metro koadro gehiago ditu eta berriro erabili ahal diren produktuak erakusteko eraiki da. Gizartean berriro erabiltzerari buruzko kontzientzia handitzen lagunduko du eta erakunde kideek (Koopera eta Emaus) merkaturatzen duten materialaren salmenta indartzeko ere balioko du. Jarduera berriak dendek onartzen ez duten material honen tratamendu-kanonak aurrezteko aukera emango du, eta, hortaz, handitu egingo da berriro erabiltzearen gradu orokorra

Berziklaturen helburuen barruan, iraunkortasunaren kontzeptua zabaltzea ere dago, eta argi adieraztea nolako garrantzia daukan gure inguruan kontzeptua horren aplikazioak.

Berziklatuk gizarte-bazterketa arriskuan dauden jendea kontratatuz egiten du hondakin handien tratamentua, eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratuko luketen pertsonei ematen die lana. Horrela, persona horien egoera ekonomikoa eta soziala hobetzea ahalbidetzen du. 2011n 190.000 euroko itzulera suposatu zuen eta aurten diru-kopuru hori handitzea espero dute.

Modulu berrian 150.000 euroko inbertsioa egin da; kopuru horretatik 113.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak jarri ditu. Gainerako inbertsioa BBK-k eta Berziklatu berak egin dute.

BIDEGORRIA

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak Orconerako trenbide zaharraren gainean eraiki duen bidegorria ere bisitatu du Jose Luis Bilbaok. Bidegorria Berziklaturen instalazioak dauden lekuan hasten da.

Bidegorri berria Orconerako meatze-trenbide zaharraren gainetik doa, Ortuellatik Trapagaranera, eta 3.700 metroko luzera du. Eraikitzeko sei milioi euroko inbertsioa egin da, eta 18 hilabete behar izan dira.

Ibilbidea Berziklaturen instalazioak inguratzen dituen bidean hasten da. Bide hori Gallartako Meatzaritzaren Museotik dator eta 700 metrotan luzatu du bidegorria. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bide berri hau Trapagaranen amaitzen da, Ugarte auzoan, N-634 errepidetik MHS/AP-8 autobidera sartzeko ordainlekuetara doan bidean. Ibilbide hori Ortuellako Las Losinas auzoaren ondotik eta Trapagarango Escontrilla Alta, San Andres, Zaballa eta Durañona auzoen ondotik pasatzen da.

Obraren barruan oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbide bat egin, meatze-trenbide zaharraren zabaldegia aprobetxatuta. Hori dela eta, ez da hondeaketarik egin behar izan. Oinezkoek erabiltzeko guneak 2,5 metroko zabalera du, eta ziklistenak, hiru metrokoa. Horrez gain, drainatze-sistemak eraiki dira bidearen albo bietan. 0,5 metroko zabalera dute.

Bide berriaren elementu berezienetako bat meatze-trenbide zaharrean dauden sei tunelak dira. Trenbideko tunel horiek finkatu eta egokitu egin dira, lur-jausien arriskua ekiditeko eta euri-uren filtrazioak kentzeko. Argiekin eta dekorazioarekin amaitu dira elementu hauen gaineko jarduketak. Lau atsedenleku eraiki dira bidegorrian zehar, eta harana ikusteko begiratoki ere dira.

Zoruak bi kolore ditu, oinezkoentzako zatia eta ziklistentzako zatia identifikatzeko eta bereizteko. Bestalde, ibilgailu astunak ibili ahal izateko moduan eraiki da, mantentze-lanetarako, larrialdietarako eta baimendutako beste erabilera batzuetarako (etxebizitzetara edo finketara sartzea, adibidez).

Bidegorriari lotutako instalazioak osatzeko, bide mota honi dagokion seinaleztapena jarri da eta aparkalekuak prestatu dira Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideko ordainlekura iristeko bidearen ondoan.

Contenido patrocinado