EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA
DONOSTIA 18 May. (EUROPA PRESS) -
Donostiako Miramongo Matineeak zikloak ohikoak dituen ildoetako bati jarraiki, bakarlari gailen baten errezitaldia eskainiko du larunbat honetan, maiatzaren 19an. Egunotan Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin (EOS) bonu-denboraldian Andrey Boreykoren zuzendaritzapean ari den Daniel Müller-Schott biolontxelo-jotzaileak ordu batzuetarako auditorium handiak utzi eta errezitaldi bat eskainiko du EOSen Miramongo egoitzaren aretoan.
Antolatzaileek adierazi dutenez, musika sinfonikoaren arloan, musikari alemana maila gaileneko orkestrekin batera aritzen da, hala nola New Yorkeko Orkestra Filarmonikoarekin, Chicago zein Bostoneko orkestra sinfonikoekin, BBCren Orkestra Filarmonikoarekin eta Frantziako Orkestra Nazionalarekin. Ganbera musikari dagokionez ere interprete garrantzitsuenekin aritzen da mundo osoko aretoetan: Anne-Sophie Mutter, André Previn, Renaud Capuçon eta Steven Isserlis, besteak beste.
Daniel Müller-Schottek (Münich, 1976), Pedro José Rodríguez donostiar piano-jotzaileak lagundurik, Robert Schumannen "Fantasiestücke, opus 73" eta Johannes Brahmsen "Biolotxelo eta Pianorako 2. sonata fa maiorrean, opus 99" interpretatuko ditu.
Kontzertua goizeko 11:00etan hasiko da eta sarrerak www.kutxasarrerak.net eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke, eta kontzertuaren egunean bertan orkestraren egoitzan ere, 10:30etik aurrera. Halaber, autobus zerbitzua dago egoitzara joateko, 10:25ean Gipuzkoa Plaza 4tik atera eta Antso Jakituna 18an eta Madrilgo Hiribidea 34ean geldialdiak egiten dituena.