Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna eta Europako LIFE programaren 20. urteurrena ospatuko ditu Jaurlaritzak

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 21 mayo 2012 14:41

DONOSTIA 21 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak zenbait ekitaldi egingo ditu astearte honetan, maiatzaren 22an, Plaiaundiko Ekoetxean, Txingudin (Gipuzkoa), Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna eta ingurumenaren eremua finantzatzeko Europako LIFE programaren 20. urteurrena ospatzeko.

Jaurlaritzaren arabera, 2012an Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmenak itsasoko bioaniztasunean jarri du arreta. 2000etik 2010era bitartean 80 herri baino gehiagoko 2.700 zientzilarik ahalegin itzela egin dute itsasoan zenbateko bizitza dagoen ikertzeko. Azken txostenean, zientzilariek ondorioztatu zuten itsasoan bizi diren espezieak milioi batetik gora izan daitezkeela. Bestalde, itsasoen kutsadura eta arrantza-baliabideen neurriz gaineko ustiapena dira itsasoko bioaniztasunak jasaten dituen eragin garrantzitsuetako bi.

Biodibertsitatea zainzeko Europar Batasunak eskura dituen tresna nagusietako bat LIFE izeneko finantza-tresna da, eta aurten, martxan jarri zeneko 20. urteurrena ospatuko du. Gainera, 20 urte beteko dira Europar Batasunak Habitaten Zuzentaraua onartu zuela; horren bidez Natura 2000 Sarea sortu zen, eta gaur egun Europan biodibertsitaterako funtsezko tresna da.

Gaur egun, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila, Ihoberen lankidetzarekin, "Euskal Autonomia Erkidegoko estuarioetan garrantzi komunitarioko habitatak leheneratzeko" LIFE proiektua gauzatzen ari da. Proiektuak lau urte iraungo du eta 1.860.000 euroko aurrekontua du (erdia Europako Batzordeak finantzatzen du).

Proiektu horren bidez, Baccharis halimifolia landarearen inbasioa geldiarazi nahi da Urdaibain, Txingudin eta Lean, estuarioetako habitaten 314 hektarea leheneratuta eta hobetuta. Gainera, eremu horiek erabiltzen dituzten hegaztien baldintzak hobetu nahi dira, eta espezie inbaditzaile hori bestelako estuario eta itsasertzeko eremuetara zabaltzea saihestu nahi da.

Proiektu horren jardueren artean argazki-lehiaketa bat antolatu da. Sariak 1.000 eta 500 eurokoak izango dira eta Ingurumen sailburuordea den Arantza Leturiondok banatuko ditu astearte honetan Txingudin.

Contenido patrocinado