Ekainaren 4an irekiko da Donostia Zinemaldiaren Zinema Ikasleen Nazioarteko XI. Topaketan izena emateko epea

DONOSTIA 20 May. (EUROPA PRESS) -

Donostia Zinemaldiaren Zinema Ikasleen Nazioarteko XI. Topaketan izena emateko epea ekainaren 4an hasiko da. Topaketa irailaren 26an, 27an eta 28an ospatuko da, 60. Donostia Zinemaldiaren barruan.

Donostia Zinemaldiak Tabakalera Gunearekin elkarlanean antolaturiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketak ikus-entzunezkoen arloko esperientziak eta ikaskuntza elkarbanatzea du xede. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren babesa du, ekimen horrek sustatu nahi dituen tokien eta lan moduen adierazgarria baita.

Zuzendari gazteek beren film laburrak erakusteko aukera daukate topaketa honetan, bertaratzen diren adituen iritziak jaso eta beren interesguneak lantzeko Master Class-ean parte hartzearekin batera. Aukeraturiko lanak publikoari eta Zinemaldiaren gonbidatuei zuzendutako saioetan izango dira ikusgai. Saio horietan ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalak egongo dira, eta, horrela, beren lanak aurkezten dituzten ikasleekin hitz egiteko aukerak sortuko dira.

Topaketak bi arloak uztartzen ditu: batetik, ikasleek zine industriak nola funtzionatzen duen ezagutu dezakete; bestetik, parte hartu dezakete, irakasle edo eskolen ordezkariekin batera, ikastetxeetako ikus-entzunezkoen arloko pedagogia printzipioei buruzko debate teorikoetan.

Hautaketara aurkezten den eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkeztu ahal izango ditu. Guztira 14 eskola inguru lehiatuko dira Topaketan eta bakoitzak aurkezturiko hiru lanen artetik onenak erakutsiko dira.

Film irabazlea zein den erabakitzeko epaimahai bat osatuko da parte hartzen duten eskoletako ikasleekin. Zinemaren alorreko pertsona ospetsu baten laguntza izango du talde horrek, eta guztien artean erabakiko dute nor izango den saritua. Epaimahaiak zehaztuko du, halaber, nor izango diren Canneseko hurrengo Zinemaldiaren Short Film Corner topaketan parte hartzeko aukera izango duten hiru zuzendariak.

Horrela ba, ekainaren 4tik aurrera eman ahal izango da Topaketan izena. Formularioa eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketarekin lotutako beste informazio batzuk data horretatik aurrera egongo dira eskuragarri www.eiecine.net eta www.eiecine.ning.com webguneetan, baita Zinemaldiaren (www.sansebastianfestival.com) eta Tabakaleraren (www.tabakalera.eu) webgune ofizialetan ere ere. Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 2ean bukatuko da.

Contenido patrocinado