Emakumeek gizonek baino gutxiago erretzen dute Euskadin

Emakumeek gizonek baino gutxiago erretzen dute EAEn
Europa Press
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 18 mayo 2012 14:08

BILBO 18 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) emakumeek gizonek baino gutxiago erretzen dute. Emakumeen %21ek adierazi dute egunero edo noizean behin erretzen dutela, gizonezkoen %30ek egiten duten bitartean. Halaber, nabarmentzekoa da gazteenen artean erretzaileen portzentajea antzekoa dela, eta, are gehiago, emakumeen artean erretzen dutenen portzentajea apur bat handiagoa da.

Hala dio Eusko Jaurlaritzako Azterketa Soziologikoen Bulegoak plazaratutako Ikuskerak urteroko bildumaren bosgarren txostenak. Ikuskerak bildumaren helburua gizonen eta emakumeen jarrera edo iritzien artean aldeak hautematen diren gaien inguruko datuak biltzea da. Bosgarren Ikuskerak txostenak 2011n zehar egindako ondorengo gaiei buruzko hiru ikerketen datuak biltzen ditu: gizarte ohiturak (tabakoa eta kirolak), atzerriko hizkuntzen ikasketa eta ezberdintasun sozialak.

Tabakismoari dagokionez, ezberdintasunak oso txikiak diren arren, gizonezkoek joera handiagoa erakusten dute tabakoaren eragin kaltegarriak puztu egiten direla pentsatzeko (%43, emakumezkoen %38aren parean), eta emakumezkoak hainbat espaziotan erretzearen debekua ezartzearen apur bat aldekoago agertu dira.

Halaber, emakumezkoek zein gizonezkoek positiboki baloratzen dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Tabakoaren aurkako Legearen azken aldaketak; hamarretik zortzik bi taldeetan, hain zuzen ere.

Kirola praktikatzeari dagokionez, emakumeek gizonek baino kirol gutxiago egiten dute: emakumezkoen %54k egiten dute kirola zaletasun moduan edo lehiaketa mailan, gizonezkoen %65en parean. Gainera, ezberdina da gizonek eta emakumeek egiten duten kirol mota; horrela, emakumezkoek gehien egiten dituzten hiru kirolak oinez ibiltzea, gimnasia edo aerobica eta igeriketa dira, eta gizonezkoek gehien egiten dituztenak ibiltzea eta mendira joatea, txirrindularitza eta atletismoa dira.

Emakumezkoak gutxiago joaten dira kirol-lehiaketak ikustera, eta joaten direnek maiztasun askoz gutxiagorekin egiten dute. Kirol-lehiaketak ikustera joaten direnen artean, emakumezkoak gehiago joaten dira eskoletakoak diren kirol-lehiaketak ikustera gizonezkoak baino (%44, gizonezkoen %34ren parean), eta gutxiago eskoletakoak ez diren eta sarrera ordaindu behar ez den lehiaketetara (%39, gizonezkoen %52ren parean) eta sarrera ordaindu behar denetara (%45, gizonezkoen %57ren parean).

Azken urtean kirol-lehiaketaren batetara joan direnen artean, gizonezkoak baino gutxiago dira jarrera erasokorren edo bortitzen testigu izan diren emakumezkoak. Bai emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat, kirol-lehiaketetan ematen diren jarrera bortitzak arazo oso larria edo nahikoa larria dira (%90 ingururentzat kasu bietan).

ATZERRIKO HIZKUNTZAK

Bestalde, atzerriko hizkuntzen ezagutza antzekoa da gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Atzerriko hizkuntzen ikasketari dagokionez ere antzekoa da egun atzerriko hizkuntzaren bat ikasten ari direnen eta ikasi nahiko luketenen portzentajea.

Halere, atzerriko hizkuntzaren bat ikasteko motibazioa zertxobait ezberdina da emakumezkoen eta gizonezkoen artean: atzerriko hizkuntza bat ikasten ari diren emakumezkoen erdia baino gehiagok (%53) diote euren motibazio nagusia hizkuntzak ikastea atsegin dutela besterik ez dela; aldiz, gizonezkoen artean, ia erdiek (%45) diote lanerako edota ikasketetarako behar dutelako egiten dutela.

Egun ikasten ari ez diren baina ikasi nahiko luketenen artean, bai gizonezko zein emakumezkoen artean, batez ere, beste herrialde batzuetara bidaiatzeko egingo lukete (%39 bi taldeetan), baina hizkuntza bat ikasteko bigarren arrazoia ezberdina da batzuetan eta besteetan: zertxobait gehiago dira atsegin dutelako ikasiko luketen emakumezkoak (%32, gizonezkoen %25en parean), eta zertxobait gehiago dira lanean gora egiteko ikasiko luketen gizonezkoak (%22, emakumezkoen %13ren parean).

Azkenik, ezberdintasun sozialei dagokienez, emakumezkoen artean gehiago dira (%60, gizonekoen %48ren parean) gizon eta emakumeen artean dauden eskubide eta aukera ezberdintasunak oso edo nahikoa handiak direla uste dutenak. Emakumezkoek, gizon eta emakumeen egoeraren gainean, balorazio negatiboagoa egiten dute, proposatutako hainbat esparrutan (15 puntu inguru handiagoa); egoeraren hautematean ezberdintasuna txikiagoa da hezkuntzara sartzeko aukerei dagokionez.

Hamar emakumetatik zazpik (%71) ez dute adierazi beren bizitzan zehar inolako arrazoigatik diskriminatuak sentitu direnik, eta portzentaje hori gizonezkoenaren antzekoa da (%75). Diskriminatuak sentitu diren emakumezkoen artean, aipatutako diskriminazio-arrazoi nagusiena euren sexua da, gizonezkoen artean arrazoi nagusiena beren ideia politikoak diren bitartean; arrazoi hori bigarren lekura pasatzen da emakumezkoen artean. Gizon (%94) zein emakumeen (%96) iritziz emakumezkoek pairatzen duten biolentzia gizarte arazo larria da.

Contenido patrocinado