Itxartu Taldea XXVI. Krosa jokatuko da igandean Getxon (Bizkaia)

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 7 febrero 2012 17:51

BILBO 7 Feb. (EUROPA PRESS) -

Atletismoko lasterketa herrikoien aurtengo egutegia hasiko da Getxon (Bizkaia) datorren igandean, otsailaren 12an, Algortako hirigunean jokatuko den Itxartu Taldea XXVI. Krosarekin. Izen bereko taldeak Getxoko Udalaren babesarekin antolatuta, "urte osoan udalerrian egiten diren proba askotariko bat da, non gero eta jende gehiagok errepikatzen duen", Krosaren aurkezpenean Alvaro Gonzalez Getxoko Udaleko Kirol zinegotziak nabarmendu duenez.

Honen harira, antolakuntzatik, Ricardo Ansotegik aipatu du 500dik gora atleta espero dituztela lasterketan, "azken urteotan kros honetan izan den partaidetzak eduki duen gorakadarekin bat etorriz". 2007an 176 lagun izan ziren eta 2011n 479. "Hazkunde hori guk antolatutako beste kirol proba batzuetan ere gertatu da, esate baterako, Ibilaldi neurtuan, Getxoko Milian edo Itziar Lopez de Uralde Oroi-Lasterketan", adierazi du.

Lasterketa 11:00etan abiatuko da Algortako etorbidetik, txikienen probarekin, eta 12:30ean irtengo da senior mailakoa, 5.500 metroko distantziarekin. Lasterketa guztietan neska eta mutilak arituko dira batera, nahiz eta maila bakoitzean bi sailkapen egongo diren. Maila bakoitzeko irabazleei emango zaizkien garaikurrez gainera, ume mailako eta adin txikiko guztiei oparitxo bana emango zaie helmugara iritsitakoan.

Izen-ematea dohainik da parte-hartzaile guztientzat eta ostiralera arte egin ahal izango da itxartu.itxartu@gmail.com posta elektronikora idatziz, Kantxa Kirol Modan edo Gaztañaga Kirolak dendan, edo lasterketaren egun berean, proba bakoitzaren hasiera baino ordu erdi bat lehenago irteera lekuan (Algortako Batzokiko jolastokian).

Contenido patrocinado