BILBO 18 May. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udal Musika Eskolako irakasleak diren Maite Olmos pianistak eta Juanjo Munera bonbardino-jotzaileak Zornotzako (Bizkaia) Eleizetan ganbera musikaren jaialdiaren 13. edizioan izango dira larunbat honetan, maiatzaren 19an. Kontzertua 20:00etan hasiko da eta Ergoien auzoko San Juan ermitan izango da, BilbaoMusikako iturriek jakinarazi dutenez.
BilboMusikako irakasleek 50 minutuko errepertorioa aukeratu dute. John Stevensen "Autumn", Luis Aranbururen "Re txikiko Kontzertua", John Williamsek "Schindlerren zerrenda' filmerako konposatutako soinu banda, Piazzollaren "Invierno porteño" eta "Milonga del ángel" tangoak eta Ray Woodfielden "Varied mood" interpretatuko dituzte, besteak beste.
Maite Olmos bilbotarra, pianista eta Eskolako Umeen Koruko zuzendaria da. Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan burutu zituen bere ikasketak, Castrillo, Bravo eta Vadura Skoda maisuekin. Pedadogia musikalean, lengoaia musikalean eta akonpainamenduan titulatua da. Gainera, 1985etik, Euskal Herriko Unibertsitateko Koruko kide da eta ganbera taldeekin kolaborazio lanak egiten ditu.
Bestalde, Juanjo Munerak, Valentziako Joaquín Rodrigo Goi Musika Kontserbatorioan burutu zituen ikasketak kalifikaziorik altuenak lortuz. Bere prestakuntza, Italiako Trenton sakondu zuen Steven Mead maisuarekin Manchesterreko Royal Northem Collage of Music zentroan. Bere ibilbidean zehar, hainbat lehiaketa irabazi ditu eta zenbait orkestratan kolaborazio lanak egin ditu. 2005etik Bilboko Udal Musika Bandaren bonbardino bakarlaria da.