BILBO 18 May. (EUROPA PRESS) -
Bermeoko (Bizkaia) XVIII. Arrain Azoka inauguratu da eguerdiko 12:30ean, eta igandera arte arrantzaren munduak herri honetan duen garrantzia erakutsiko du. Lameran egongo diren 25 erakustokietan herritarrek eta bisitariek kontserba-enpresek ekoizten dituzten hainbat produktu dastatu eta eskuratu ahal izango dituzte eta itsasoko kultura ezagutu. 1912an Bermeon gertatutako galernak ere protagonismoa izango du Arrain Azokan, aurten, abuztuan, bere mendeurrena betetzen baita.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak inauguratu du Arrain Azoka. Inaugurazioan, alkateaz gain, Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeak, Amaia Barrena Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariak, Jokin Diaz Arrantza eta Akuikultura zuzendariak Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak hartu dute parte, hainbat udal eta enpresetako ordezkariekin batera.
Bermeoko alkateak Arrain Azokak herriarentzat duen garrantzia nabarmendu du. "Izan ere, gure produktu eta kulturaren erakusleihoan bihurtu da", azpimarratu du. Ildo honetan, kontserba-enpresei eskertu die aurten, krisialdia dela-eta, azokan parte hartzeko egin behar izan dituzten ahalegina eta Udalaren babes osoa berretsi die.
Bidegurenek kontserba-industria indartu eta sendotu behar dela esan du. Bere ustez, horretarako "ezinbestekoa" da enpresen arteko elkarlana eta erakundeen laguntza. "Arrantzak eta kontserba-industriak etorkizuna du eta horretarako bitartekoak jarri behar dira", azpimarratu du.
Bestalde, pertsona guztiei asteburu honetan Bermeoko XVIII. Arrain Azokan parte-hartzeko gonbidapena egin die. "Arrantza mundua eta gure produktuak ezagutzeko eta jai-giroaz disfrutatzeko aukera ezin hobea izango dute Bermeon", adierazi du.
Hasiera emateko ekitaldiaren ostean, Arrain Azokako stand-ak bisitatu dituzte eta, ondoren, XVI. Hegaluze Saria eman da. Aurten Bermeoko Abesbatzak eta Izaro Abesbatzak jasoko dute sari hau. Hegaluze Saria, hamaseigarrenez, bermeotarren parte hartzearekin, Bermeoko herriaren izena, euskal kantak eta kultura, zabaldu dutenei ematen zaie.