BILBO 18 May. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, Umeen Gaietarako Zerbitzuaren bidez, bigarren urtez jarraian antolatu du Udaberriko Jaia, eta umeen aisialdirako Kidegune programako 130 parte-hartzailetik gora bilduko ditu Bilborock aretoan. Ekitaldia larunbat honetan izango da, arratsaldeko 16:30etik 19:30era, antolakuntzak jakinarazi duenez.
Jaia jarduera berezia izango da Kidegune guztietan. Helburua neska-mutilak animatzea da, datorren ikasturtean ere parte har dezaten. Gainera, aurten parte-hartzaile bakoitzak lagun bat ekar dezake jaira, Bilboko Udalaren ekimen honen berri izan dezan.
Bilboko 9 eta 11 urte arteko neska-mutilek aisialdia eman ahala euren trebeziak eta baliabideak garatzeko espazioak dira Kideguneak, eta Begoña, Ibaiondo, Irala, Otxarkoaga, Castaños, Deustu eta Zorrotzako udaltegietan egiten da. Adin-tarte horretako umeentzat asteburuetan eskaintzen den programa bakarra da; ostiral eta larunbatetan egiten da, 17:00etatik 19:00etara.
Hartara, larunbat honetako topaketaren bidez, neska-mutilek Kideguneetan egin ohi dituzten betiko jardueretatik aldendu eta beste Kidegune batzuetakoekin batzeko aukera izango dute, elkar ezagutzeko eta harremanetan jartzeko. Jarduera doakoa da. Parte-hartzaileak beraiek izango dira protagonistak, euren ingurukoak izango dira-eta jarduera guztiak.
Kideguneetako arduradunek eramango dituzte umeak Bilborockera, oinez, autobusez edota metroan, distantziaren arabera betiere.
Datorren astean Kidegune guztietako hezitzaileek jaiaren balorazioa egingo dute neska-mutilekin batera. Umeen Gaietarako Zerbitzuak, bere aldetik, gogobetetze-maila neurtzeko galdera-sorta bidaliko die familiei, jaiari buruzko euren iritzia azal dezaten. Iazko inkestaren arabera, familien %92 pozik zegoen jarduerarekin eta %45ek urtean bitan antolatuko lituzke topaketok.